Terexa gaixorik dago, baita bere etxeko intxaurrondoa ere. Bere osasuna baino, zuhaitzaren osasunak kezkatzen dio gehiago. Buruan du bere garaian konponbideren bat aurkitu zuela, baina burua ere galtzen hasia denez, ez du zehaztasunez gogoratzen. Mairu antzerki taldearen Intxaurra antzezlanaren istorioa da eta martxoaren 11n, larunbata, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean emanaldia eginen dute.
Mairu antzerki taldeak irabazi zuen UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin abiarazitako Arnasa Gara kanpainako Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka eta horren bidez sortu eta ekoiztu zuen Intxaurra.
'Intxaurra' antzezlana
Sinopsia: Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza badu. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzi erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea. Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituen ekosistemak, inguratzen gaituzten baldintzek, guregan duten eragina azaleraztea da antzezlanaren asmoa. Inguruko baldintzek eta ezaugarriek eragiten dutelako herriengan, hizkuntzengan, jendearengan… inguratzen duten lurrek landareengan eragiten duten moduan.
Fitxa artistikoa:
- Zuzendaritza: MAIRU (Manex Fuchsen laguntzarekin).
- Testua: Gaizka Sarasola.
- Antzezleak: Josune Etxepare, Ainara Ribera, Ritxi Abril, Iban Garro, Juanen Saralegi eta Gaizka Sarasola.
- Argi diseinua: Andoni Mendizabal.
- Soinu diseinua: Ibai Gogortza.
- Musika: Ibai Gogorza eta Gaizka Sarasola.
- Eszenografia eta atrezzoa: Adrian Labadie eta Eduardo Conde.
- Jantziak: Marodi Sorkuntzak.
- Kartela: Garazi Conde.
- Argazkiak: Gotzone Rekondo.
Emanaldia: Martxoak 11, larunbata, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean.
Prezioa: 6 euro, Etxarri Aranazko Udaleko webgunean eta udaletxean.