Astekaria

"Ni ez naiz halakoa. Azkenean, paper bat zen"

Maider Betelu Ganboa 2023ko mar. 14a, 14:43

Pello eta Kleo, Jateko Modukoa saioko afarian topa egiten. EITB

Pello Altzelai Karasatorre etxarriarrak ETB1eko Jateko Modukoa programan parte hartu zuen. Esperientziarekin oso pozik dago, "programakoek lanketa oso ona egin dutelako eta emaitza ona" izan delako.

Saioa Ikusterakoan "barre asko" egin zuen.

1. Ez da ohikoa sakandar bat ETB1eko Jateko Modukoa bezalako saio batean ikustea. Mutilak, are gutxiago. Nola animatu zinen?
Aurretik Asier Arregi lakuntzarra ere aritu zen. Programara gonbidatzeko mezua Instagram bidez iritsi zitzaidan. Lagunekin kontsultatu eta izena ematera animatu ninduten, esperientzia polit bat izango zelakoan. Halako programen helburua ikusleei tarte umoretsu bat eskaintzea da, eta helburu horrekin joan nintzen, ongi pasatzera. 

2. Saioak sukaldaritza eta harremanak jorratzen ditu. Lau lehiakide zarete eta horietako batek beste hiruren artean gustukoena aukeratu behar du. 
Txantreako Gorkak, Gasteizko Adrianek eta nik Kleok gustuko dituen platerak kozinatu behar genituen. Berak, nork prestatu zituen jakin gabe, puntuatu behar zituen. Eta puntu gehien zituenarekin afaltzera joan zen. Bestalde, berak lehen begi kolpean gehien gustatu zitzaion mutila aukeratu behar zuen eta, gu hirurak ezagutu ondoren, gustukoena zein zuen berretsi. Afarian jakiten zen hori. 

3. Zure menua puntuatuena izan zenez, Kleorekin afaldu zenuen.
Arraina (zapoa), txekor mihia eta donut healthy edo osasuntsua prestatu nuen. Ez zen menu sinplea, baina ongi atera zen.

4. Nahiz eta Kleoren aipamenek agian beste alde batetik joango zela iradoki, hiruren artean zu aukeratu zintuen.
Bakoitzak bere papera landu genuen. Nire papera, Kleok esan bezala, gazte "heldugabe" batena zen, oso erromantikoa. Kleok beste bide bat hartzea ez zen arraroa, Adrirekin ustez feelinga zuelako, baina nire alde egin zuen. 

5. Jateko Modukoan ikusi genuen Pello horrelakoa al da?
Uste dut galdera hau mundu guztiari interesatzen zaiola. Ez dakizu telebistan ikusten duzun pertsona, eta hortik kanpokoa, berdina den edo ez. 

6. Eta berdina al da? Edo gidoi bat antzeztu zenuen?
Gidoia baino, paper bat eman ziguten eta gure sormenaz pertsonaia sortu eta gure paper hori ahalik eta exajeratuen egiten saiatu behar genuen. Hori da jendeari gustatzen zaiona: exajerazio bat, umorea eragingo duena. Ni ez naiz saioko pertsona exajeratu eta erromantikoa. Ez naiz halakoa. Paper horretan sartu beharra genuen eta pertsonaia sortu, morbo hori.  

7. Beraz, Pello ezagutu nahi duenak zuregana gerturatu beharko du.
Hori da. Batzuek agian nire irudipen txar bat izango dute, nire pertsonaia batzuetan pasatzen baitzen. Benetan ez naiz halakoa. Azkenean paper bat da.

8. "Etxarriar batek nola egingo du negar..." zioen Txantreakoak. Aurreiritziak.
Bai. Lehen aipatutakoa, arraroa da sakandar bat hain irekia izatea; apustu bati ez diogu inoiz ezetz esaten... Apustuarekin hori irudikatu nahi nuen. Esan nien: "etxarriar bati ez diozu inoiz apustu batean irabaziko". 

9. Bada, apustua irabazi duzu: Europa jatetxean otordua.
Apustua irabaztearekin beste guztia berdin zitzaidala esan nien, gure urguilua irudikatzeko. Oraindik ez gara bazkaltzera joan, baina Gorkari galdetuko diot ea noiz, apustua bete behar baita.

10. Kleorekin harremanak segida du?
Gainontzekoekin bezala, elkar ezagutu genuen eta giroa sortu zen. Agian maitasuna ez, baina harremana sortzen da. 

11. Bizitako esperientziarekin kontentu zaude?
Bai. Saioa ikusterakoan barre asko egin nuen. Iruditu zitzaidan programakoek lanketa on bat egin zutela, dibertigarria izan zela. Jende gutxik zekien saioa grabatuta nuela, baina orain Sakana guztia enteratu da. Apurua nuen, jendeak bikote bila  edo ezaguna egitera joan naizela pentsatuko zuelakoan, baina ongi pasatzera joan nintzen. Saltseoa beti gustuko izan dut. Fisioterapeuta ikasketak egiten ari naiz, baina arte eszenikoekin zalantzan egon nintzen. 

Erlazionatuak

"Saltseoa beti gustuko izan dut"

Maider Betelu Ganboa 2023 mar 16 Etxarri Aranatz