Nafarroako Esku Pilota Federazioak Nafarroa ordezkatuko duten 150 pilotari eta erremintako espezialisten selekzioa aurkeztu zuen marsuaren 7an Elgorriagako bainuetxean. Senior, 22 urtez azpiko eta jubenilen mailako txapelketetan lehiatuko dira. 150 pilotari horiek 56 klubetakoak dira eta 21 espezialitateetan parte hartzen dute, 30 metroko frontoian, 36 metrokoan, 54 metrokoan eta trinketean.
GRABNI-a, hastear
Marsuaren 17tik aurrera Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioak jokatzen duten GRABNI txapelketa hasiko da. Nafarroako selekzioak Bizkaikoa izango du arerio lehendabiziko jardunaldian. Paleta goman Irati Igoa eta Naroa Otxoa etxarriarrak lehiatuko dira.
Nafarroako Pilota Federazioak jakinarazi duenez, 230 emakume dituzte federatuta, 29 klubetakoak. Nafarroako selekziorako 16 hautatu dituzte. 4 emakumezko dira hautatzaileak eta emakumezkoek 7 modalitateetan parte hartzen dute: esku pilotan, frontenisean, paleta goma frontoian, paleta goma sendoan, paleta goma argentinarra, zesta punta eta frontball.