Udalak kontu hartzaile lanpostua bete nahi du oposizio lehiaketa bidez

Guaixe 2023ko mar. 15a, 11:15
Etxarri Aranazko etxe handia. ARTXIBOA

Aldi baterako lanaldia izanen da. Hauta proba gainditzen dutenekin udalak izangaien poltsa osatuko du beharra izanez gero, han daudenei hots egiteko.

Etxarri Aranazko Udalak, oposizio lehiaketa bidez, kontu hartzailearen lanpostu bat aldi baterako betetzeko oposizio lehiaketa deitu du. Hauta proban emaitzarik onena lortzen duenak Etxarri Aranazko Udalarendako aldi baterako lan eginen du. Horren truke A mailari dagokion soldata jasoko du, baita dagozkion osagarriak ere, hala badagokio. Etxarri Aranazko Udaleko funtzionarioentzat oro har ezarritako lanaldia izango du. Edonola ere, administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren premiei erantzuteko. 

Interesa dutenek Ekonomia Zientzietako edo Enpresa Zientzietako diploma edo Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako titulua edo Zuzenbide titulua eduki beharko dute, edo 6/1990 Foru Legearen 246 bis 3 artikuluaren arabera dagozkion gradu tituluak edo baliokideak. Horrekin batera, enplegu eskatzaile gisa egotea edo lana hobetzeko eskabidea egina izan beha dute, baita euskarazko C1 maila ere. Deialdian parte hartzeko eskabideen eredua www.etxarriaranatz.eus web gunean eskuratu daiteke. Hura bete ondoren aurkezteko epea martxoaren 15ean despedituko da.

Egitekoak
Aukeratutako pertsonak, kontu hartzailetzako lanez aparte, diruzaintzakoak eta ekonomia arloko arduradunaren lanak beteko ditu; horien artean honakoak: kontrola eta barne fiskalizazioa, tributuen ardura, aholkularitza eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioa eta aurrekontuei eta kontabilitateari buruzkoa (txostenak; aurrekontu-proiektuak; ordenantzei buruzko azterlanak eta zerbitzu berrien egokitasunari buruzkoak eta horiek ekonomiaren eta finantzen arloetan duten eragina); udal kontabilitateaz arduratzea eta hura aurrera eramatea; kontabilitateko zereginak, kontu orokorrak prestatzea eta aurrekontua likidatzea; diruzaintzako planak prestatzea, esleitutako kobrantza eta ordainketa lanak aintzat hartuta, eta toki entitatearen funtsak, baloreak eta salgaiak maneiatzea eta gordetzea; kontratazioek eta haien kudeaketak eragindako betebehar fiskalak eta sozialak betetzea; diru bilketa zerbitzuko buru gisa jardutea; 9/1990 Foru Legearen 240. artikuluan eta hurrengoetan xedatutako zereginak eta aplikatzekoa den araudiak une bakoitzaren lanpostu horri esleitutako guztiak; dirulaguntzen jarraipena eta kontrola; kontratazio espedienteen kudeaketa eta kontrola eta, orobat, administrazio deitzaileko gobernu organo eskudunek esleitzen dizkioten zeregin ekonomiko eta finantzarioak.