Udalak aldi baterako hiru peoi kontratatuko ditu

Guaixe 2023ko mar. 31a, 11:30

Etxarri Aranazko etxe handia. ARTXIBOA

Zerbitzu anitzetako lantaldean ariko dira lanean bi eta kultura zerbitzuan bestea.

Etxarri Aranazko Udalak, Nafar Lansareren dirulaguntza bati esker, hiru peoi kontratatzeko deialdia egin du. Kontratatutako bi pertsona zerbitzu anitzetako lantaldean ariko dira eta bestea, berriz, kultura zerbitzuko zereginak eginen ditu. Deialdian interesa duten pertsonek apirilaren 11ra arteko epea dute beraien eskabidea aurkezteko. Nafar Lansarek Altsasun duen enplegu bulegoan egin behar da eskaera. 

Deialdian parte hartzeko baldintza batzuk bete beharko dituzte hautagaiek. Lehenik, Etxarri Aranatzen erroldatuta egon beharko dute. Horretaz aparte, honako kolektibo bateko kide izan beharko du: oinarrizko errenta jasotzen duten pertsonak, %33 edo handiagoko desgaitasuna egiaztatzen dutenak, emakumezkoak izatea, 45 urte edo gehiago duten gizonezkoak edo 30 eta 44 urte bitartean egon eta iraupen luzeko langabetuak direnak edo aurreko kolektiboen barruan ez dauden gainerako gizonak. Bestetik, deialdian parte hartzeko ezinbestekoa da 16 urteak beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea. 

Udalak eskatzen du lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea. Aldi berean, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezta diziplinako kaleratze bidez bidali izana ere. Ezagutza akademikoari dagokionez, deialdian parte hartzeko eskatzen da eskola ziurtagiria, eskola-graduaren edo 1. mailako lanbide heziketaren titulua edo aurrekoetako baten baliokidea izatea, gutxienez, edo titulua lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, interesdunak homologazioa egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko du. Euskarazko B1 maila ere eskatzen du udala. Deialdiari buruzko informazioa www.etxarriaranatz.eus webgunean dago.