Marsuaren 30ean, osteguna, Nafarroako Kirol Etxean aurkeztu zuten III. Nafarroako Foru Erkidegoa Txapelketa, Laboral Kutxa Emakume Master Cup. Hirugarren edizio honetan 138 emakumek hartuko dute parte guztira, 44 esku pilotan (32 pilota mistoan eta 12 pilota goxoan) eta 94 paleta goman.
Aurten Orkoien, Viana, Lekunberri, Tafalla, Berriozar, Burlata-Atarrabia, Iruñea eta Lizarran jokatuko da txapelketa, ez da Sakanara helduko. Esku huskako finalak ekainaren 4an jokatuko dira, Labrit pilotalekuan, eta palako finalak, aldiz, ekainaren 18an Lizarran. Bi finalak zuzenean emango ditu Navarra Television-ek.
"Egitasmo hau abian jartzeak bi helburu nagusi izan ditu: emakumeen artean pilota sustatzea; eta, bestetik, emakumeen artean pilotan aritzea lortzen ari den garapena eta indarra ikusaraztea eta gizarteratzea herritarren artean. Foru erkidegoko txapelketa honen sorrerarekin, eskuz eta palaz aritu nahi duten emakumeen errekonozimendua eta balioan jartzea bultzatzen ari gara, maila goreneko lehiaketa bat antolatuz", azaldu du Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kirol eta Kultura kontseilariak.
Esku huskan azken Binakako finala jokatu zuten Olatz Arrizabalaga, Uxue Oses, Nora Mendizabal eta Amaia Alday –egungo buruz buruko txapeldunaren– presentzia ziurtatuta dago txapelketan. Beraz, elite mailako pilotari nagusienak lehiatuko dira.
Eta pala modalitatean ere lehen mailako pilotariak parte hartuko dute txapelketan, besteak beste Irati Igoa, Amaia Espinal, Paula Gorostiaga eta Juncal Quevedo. Aurkezpenean, hain zuzen ere Irati Igoa eta Amaia Espinal egon ziren, Amaia Arrastia eta Goiuri Zabaleta pilotariekin batera.