Deituta zeuden bi ekitaldietako bat ez zen egin

Guaixe 2023ko api. 3a, 10:45

Hainbat herritarrek larunbatean egindako agerraldia.

Josu Zabala Salegiren heriotzaren urteurrena zela eta herritarrek eta Jarkik ekitaldi bana deitu zuten egun eta toki berean. Bateko eta besteko kideen arteko tirabirak izan ziren eta azken ekitaldia egin zen bakarrik.

Martxoaren 26an 26 urte bete ziren Josu Zabala Salegi Itziarko paraje batean hilik agertu zela, bihotzean tiroa zuen. Haren heriotza gogoan, martxoaren 26rako bi ekitaldi deitu ziren Etxarri Aranatzen. Herriak behar du egia! lelopean deitutakoa 12:30ean zegoen iragarria. Jarki antolakunde iraultzaileak deitutakoa, berriz, 13:00etan. 

Hainbat herritarrek azaldu duenez, "ekitaldi politiko bat bertan behera gelditu zen berau antolatzen ari ziren herritarrek eraso bat jasan zutelako. Hitz lodiak, norberarena den espazio intimoaren inbasioa, bulkadak, zaplasteko bat jotzeko imintzioa". Jarkik zabaldu duenez, "plaza atontzera agertu ginenean ezker abertzaleko militante batzuk omenaldia burutu behar genuen tokian zeuden, beraien ekitaldirako prestakuntza lanetan. Ondorioz, Jarduneko eta ezker abertzaleko militante batzuen artean tentsio handiko uneak bizi izan ziren, ataka horretan gure partetik bultzada pare bat eta zaplastako bat gauzatu ziren". 

Herritarren agerraldia 
Gertakarien ondoren agerraldi jendetsua egin zuten hainbat etxarriarrek larunbatean. Azaldu zutenez, jazotakoa "hitzetatik harago joan zen erasoa izan zen. Egoera hura bizitu zuten herritarren askatasuna eta oinarrizko eskubideak urratu zituen erasoa izan zen, kalte fisiko eta psikologikoak eragin dituena". Adierazi zutenez, "tamalez, ez da lehenengo aldia. Gure herrian, gehiagotan ere ezagutu ditugu antzeko gertakariak. Hainbat militantzia esparruetan aritzen diren herritarrek irainak, mehatxu hitzak; edota mesprezua, lotsaraztea, beldurtzea, azpiratua izatea bilatzen duten jokabideak jasan dituzte, jasan ditugu. Behin baino gehiagotan erasoa hitzetatik harago ere joan izan da, igandean bezala".

Agerraldian izan ziren herritarrek esan zutenez, "jokabide horiek ez dute tokirik geurea bezala anitza, heldua eta, zorionez, jendarte bizitza aberatsa duen herri batean". Gaineratu zutenez, "eztabaida eta kritika politikoak, ideien arteko lehiak… gure herriko plazaren ateak parez pare irekita dauzkate. Denona den herrian, denon ideiak kontutan hartzekoak dira aurrera begira ditugun erronkei erantzuterakoan. Gaurko eta biharko Etxarri Aranatz eraikitzeko, denok gara beharrezkoak, inor ez ezinbestekoa. Plaza ireki horretan jokatzeko arauak sen onak agintzen ditu: denok gara berdinak, denok errespetatu behar dugu elkar, denok zaindu behar dugu elkar".

Aldi berean, "hausnarketarako deia luzatu" zieten "jokabide txar horiekin aritzeko ohitura hartu duten herritarrei. Beraiei eta eraso horien larritasuna gutxietsi, erlatibizatu edo aitzaki merkeekin justifikatzeko joera dutenei ere. Horrela ez. Aski da!" Herritarrek azaldu zutenez, "eraso gehiagorik ez dugu onartuko. Tinkotasun berdinarekin berretsi nahi dugu Etxarri Aranatzekin dugun konpromisoa. Inoiz baino indar eta ilusio gehiagorekin lan eginen dugu herri burujabe, euskaldun, feminista, sozialista eta ekologista bat eraikitzeko". Azkenik, zehaztu zuten "inoiz baino kemen gehiagorekin lan eginen dugu egia argitara ekarri eta borrokalarien memoria transmititzeko".


Jarkik antolatutako ekitaldiko une bat. @JardunK

Jardun 
Koordinakundeak ohar bidez zabaldu zuenez, "azken 12 urte hauetan, ezker abertzaleak biraketa politiko eta estrategikoa egin zuenetik, tentsio uneak ohikoak bihurtu dira Euskal Herrik hainbat txokotan, eta Etxarri Aranatz ez da horren salbuespena izan". Martxoaren 26ari dagokionez, Jardunek azaldu duenez, "ezker abertzaleak publikatu zuen kartelean ez zuten ekitaldia burutu behar zen tokia zehazten. Beste omenaldi edo ekitaldi batzuetan gertatu bezala, aurretik guk zehaztua genuen espazioa okupatu eta kendu ziguten". 

Gaineratu dutenez, "gertakari horien inguruan zabaltzen ari diren gezur, difamazio eta esajerazioak martxoaren 26an benetan gertatutakoa distortsionatzen eta desitxuratzen ari dira. Honen bitartez, beraiek haien helburua lortu dute, hau da, beraien burua biktimatzat saltzea". Jardunek gaineratu duenez, "beharrezkoa ikusten dugu, egoerak goia jotzea ekidite aldera, benetan gertatutakoa plazaratu eta eskualdean bizi dugun testuinguruan kokatzea". Adierazi zutenez, "onartzen dugu igandean eduki genuen jarrera ez zela egokiena izan, bereziki hau eman zen ordu, toki eta egunagatik, eusko gudari bat omentzeko eguna". 

Jardunetik azaldu dutenez, "hori ez zen egun bateko tentsio edo eraso isolatu bat izan. Horrelako egoerak azken urteetan pairatzen ari garen tentsio, probokazio, boikot, alboratze eta beto politiko eta pertsonalaren ondorio zuzenak izan dira". Koordinakundetik azaldu dutenez, "azken urte hauetan, beraiek markatu eta ezarritako estrategia politikotik at kokatu diren norbanako, antolakunde eta hainbat kolektibo herriko jarduera politikotik baztertu, alboratu eta zapaldu dira, hainbat antolakunderen jardun politikoa erabat oztopatuz eta mugatuz". Eta horren hainbat "adibide argi" eman zituzten, besteak beste, "eremu publikoak erabiltzea eta ustiatzeko debekua; eraso, mehatxu eta irainak jasatea eremu militante eta pertsonalean; festetan txosna jartzeko oztopoak eta boikot aktiboa; hainbat festetan eraso politiko, pertsonal eta fisikoak; gudarien oroitarriak behin eta berriro kentzea eta abar". 

Koordinadorak "orain arte burutu dugun jardun politikoan berresten gara, guk Euskal Herriko independentzia eta sozialismoren alde lanean, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu". Ziurtatu dutenez, "argi daukagu gure etsaiak Euskal Herri Langilea azpiratuta mantentzen duten frantziar eta espainiar estatuak eta euren borreroak direla. Baina argi utzi nahi dugu bide honetan zehar jasaten ditugun zapalkuntza, oztopo, mehatxu, presio, boikot, gezur egoera eta difamazioek ez dutela gure partetik jarrera otzana izanen. Egoera hauez nazkatuta gaude jada".