1. Antza, zuendako Nafarroa Oinez bera antolatzea ez da nahikoa oztopo proba, eta gehiago?
Hori da. Egun handirako prestatzen joateko, festa pixka bat.
2. Zer moduz doa antolakuntza?
Geldi-geldi badoa. Lana da, baina jende asko dago bertan: familia, irakasle, ikasle ohi... Sare handia gaude hainbat batzordetan lanean, eta badoa geldi-geldi.
3. Nafarroa Oinez egunean bertan erronka dago. Horrekin ere ez duzue nahiko?
Ez. Animatu gara tartean beste zeozer egitera, bai gazte, heldu, haurrei begira. Eta kirolaren inguruan ba pixka bat mugitzeko. Helburua da oztopo proba herrira eramatea, herriari halako kirol proba berezi edo ikusgarria eskaintzea. Denok gozatzea ikusten, eta parte hartzen duenak ere goza dezala proba horiek gaindituz.
4. Esku artean zer duzue?
Oztopo proba bat antolatu dugu apirilaren 22rako. Etxarri Aranazko plazako zabalgunean eta kioskora arteko plaza zatian izanen da. Gazteendako 10 oztopo izanen dira, eta oztopo bakoitzaren ondoren lasterka ibilbide bat egin beharko dute Kaxarna kalean eta inguruan. Helduek, berriz, 12 oztopo pasa beharko dituzte.
5. Zertan datza proba?
Batzuk horretan aritzen dira, besteendako berria da. Horrelako zer edo zer gure herrian ikusteko gogotan gaude. Esaterako, tirolina froga bat pasa behar dute eta ondoren 250 metroko itzuli bat egin behar dute lasterka. Edo lokotx gozo batzuekin proba egin behar dute, haiek alde batetik bestera eramanez, eta hura despedituta, beste korrikaldi bat. Horrela oztopo guztiak egin arte.
6. Zeinek parte har dezake?
Lau maila daude. Proba herrikoiaren barnean taldekako kategoriak daude: 10-15 urte (LH 5etik DBH 2ra gutxi gora behera), 15-18 (DBH 2tik aurrerakoak). Horietan lauko taldeek parte hartuko dute eta horietan helburua da kooperazio eta oztopoak gainditzea elkarri lagunduz. 18 urtetik gorako helduendako proba herrikoia dago ere. Bosteko talde mistoetan parte har daiteke. Helburua bera da. Ez dago sailkapenik, ez dago kronometratzerik. Azken proba lehiakorra da, 18 urtetik gorakoendako bakarkako proba. Hor bai, sailkapena egonen da eta lehenengo 3 emakumezko eta gizonezkoendako saria izanen da.
7. Genero aldetik taldeak osatzeko araurik bada?
Kontutan hartu dugu taldekakoan denok parte hartu ahal izatea. Helduetan misto jarri genuen bai emakumezko bai gizonezkoen taldeak sortzeko, elkar laguntzeko, ikusteko nolakoa den halako proba bat. Gazteetan aukeran dute mistoak egin.
9. Taldeko kide guztiek osatu beharko dute proba? Edo taldekide jakin batzuk?
Probak taldekide guztiek egin beharko dituzte. Baina hor estrategia kontua sartzen da. Momenturen batean taldekide batek proba egiteko zailtasun gehiago baldin badauka, beraiek begiratu beharko dute nola egin denen artean proba hori pasa ahal izateko. Eta denek pasatzerik ez badute, ordezko ariketatxo bat dago.
11. Noiz izanen da?
Apirilaren 22an izanen da, larunbatarekin, 14:00etatik aurrera. Orduan gazteak hasiko dira, taldeka. 16:30 aldera bakarkako proba izanen da. 18:30 aldera helduen taldekako proba jokatuko da. Probek irauten duten bitartean taloak jateko aukera izanen da.
12. Taloak egiten zaletu zarete!
Bai. Ongi ateratzen ari da. Jendea gustura dabil. Lan handia egiten ari dira, eta jendeak ongi erantzuten du, gustura jaten du.
13. Lehia badago, sariak ere?
Bai. Proba lehiakorrean aurreneko hiruendako sariak egonen dira emakumezkoetan eta gizonezkoetan (Elgorriagako bainuetxean egonaldiak, jatekoak (urdaiazpikoak gatzak eta beste) eta kriol ekipazioa. Proba herrikoietan sariak zozketatu egiten dira parte hartzaile guztien artean (gazteen artean Irisarriland-en talde kide guztiendako sarrera eta helduendako sagardotegi batean eta Haritzalko jatetxean taldekide guztiendako otordua). Bakoitzarendako opari poltsatxo bat egonen da.
14. Parte hartzeko sasoiko egon behar da?
Pixka bat bai, baina beldurrik gabe. Azkenerako, bakoitzak bere buruari jartzen dio erronka, zer puntutaraino, nola egin nahi duen. Sasoiaren kontuarekin beldurra baldin badago, polita izan daiteke taldekako proban aritzea, denen artean proba pasatzea errazago delako.
15. Oztopo probarako nola entrenatu behar da?
Umorez (barrez). Eta laster pixka bat eginez ere.
16. Izena emateko nora hots egin beharra dago?
Apirilaren 12ra arte egon zen izen ematea zabalik.