Amarriturrietatik ur biltegira arteko sarea berrituko da aurten

Guaixe 2023ko api. 17a, 09:01

Amarriturrieta iturburua. UDALA

Ur ihesak daude eta horrek Lizarrustiko uharkako ura erabili beharra ekartzen du udan. Hango ura kalitate okerragokoa da. Ur hornidura berritzeko iturburuetatik ur biltegira arteko 967,03 metroko ur sarea berritu eginen da. Udalak lanak lehenbailehen egin nahi ditu.

Edateko ura hiru tokitatik eskuratzen du Etxarri Aranatzek: bargan dauden Amarriturrietako bi iturburuak eta Lizarrusti ondoan dagoen Txortxorgo errekan dagoen uharkatik eta zundaketatik. Silvia Marañon Chasco alkateak azaldu duenez, “azken horretako ura ez da kalitate onekoa hosto asko erortzen direlako eta uharkak erregulatzeko gaitasun gutxi duelako. Horrek materia organikoa usteltzea eta horrekin oxigenoa galtzea dakar”. Beraz, herria Amarriturrietako iturburuetatik hornitzen da urtean zehar eta udako zenbait garaitan Lizarrustikoa erabiltzen da. 

Hala ere, bargan dauden iturburuetatik ur biltegira arteko hornidura sarean ur ihesak daude. Horiek konponduz gero, Lizarrustiko uharkako ura ez litzateke erabili beharko eta herria kalitate handiagoko uraz hornituko litzateke. Horregatik, udalak bargan duela 50 bat urte egindako ur hartuneak eta ur biltegira arteko sarea konponduko du aurten. “Altuen dagoena 26 metro luzeko egitura da eta hainbat iturburutako ura jasotzen du erreten txikien bidez. Ura biltegi nagusi batera doa. Erretenetarako sarbidea ematen dute kutxatila batzuk, horrela mantenu lanak egiteko. Harako sarbidea eta iturburuko biltegi nagusiko loturak hobetu behar dira. Baita balbulak berritu eta iturburuaren hustubidea garbitu ere” azaldu du alkateak. 

Goiko iturburutik hartutako ura mikrozementuzko hodi baten bidez beherantz eramaten da eta bat egiten du beherago dagoen bigarren iturburuko ura daraman hodiarekin. Iturburu batetik bestera 270 metro daude. Bigarren iturburuan ura jasotzeko modua aurrenekoaren antzekoa da. Bi iturburuetako  ura 80 metro kubiko gaitasuna duen ur biltegi erregulatzailera eramaten da (ur biltegi zaharra). Marañonek azaldu duenez, “biltegi zaharrak haustura karga kutxatilaren funtzioa du, hau da, ura eramateko hodian gehiegizko presioa egotea eragozten du. Biltegi hori hala holako egoeran dago, baina oraingoan ez da bertan lanik eginen”. Biltegian ur gehiegi jasotzen bada, bere zeharretik erreka batera botatzen du. Ur biltegi zaharretik ur biltegi berrira ura mikrozementuzko hodi baten bidez eramaten da. Azken biltegi horrek 1.200 m3-ko gaitasuna du. 


Ur biltegi zaharra.

Ur ihesagatik bi biltegiak hustean, haien artean ura garraiatzeko arazoa sortzen da. Alkateak azaldu duenez, “ur hornidura berrezartzean ur biltegi zaharra bete eta gainezka egiten du, eta ur biltegi berriari betetzea kosta egiten zaio. Horren ondorioz, ur hornidura beharrak ez ditu betetzen eta etxarriarrak urik gabe uzten gaitu, berez halakorik ez gertatzeko nahikoa ur baldin badago ere”. Marañonek gaineratu duenez, “iturburuetatik biltegi zaharrera ura eramateko gaitasun handiago dago, bi biltegien artean baino”. Arazoa aztertu duten teknikariek uste dute bi biltegien artean nahikoa maldarik ez dagoelako edo ur burbuilak sortzen direlako sortzen dela arazoa. Bestetik, Bargatik ur biltegi berrira arteko ur sarean konpondu beharreko hainbat ur ihesi daude. Ur biltegi berrian sarrerako eta konportako balbulak berritu beharra dago. 

Ur ihesak eta lanak
Etxarri Aranazko Udalak 2017an ur kontagailuak jarri zituen iturburuetan eta ur biltegi berriko sarreran. Alkateak azaldu duenez, “kontagailuek erakutsi zuten iturburuetatik bataz beste 25,21 litro segundoko ateratzen zirela eta biltegira 10,31 iristen zirela. Beraz, %59,1 ur ihesa dago egungo sarean. Neguan eta udaberrian ez da arazoa, bai, ordea, udan, iturburuen emaria jaisten baita”. Egoera horri konponbidea emateko Etxarri Aranazko Udalak erabaki du egungo ur sarearen paralelo berri bat egitea. Hodi berriak dentsitate handiko polietilenoz eginak egonen dira eta egungoenak (150 milimetro) baino diametro handiagoa izanen dute, zati batzuetan 160 mm eta 180 besteetan. Ur biltegi zaharreko lotura berrituko da bere gaitasuna 100 m3-raino handitzeko. Lanak egiten diren bitartean ur hornidura bermatuta egonen dela ziurtatu du alkateak. 

Udalak lanak emateko deialdia egin du eta eskaintzak aurkezteko epea apirileko lehen astean despeditu zen. Lanek 282.208,43 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute. Haiek finantzatzeko udalak Lurralde Kohesio Departamenduak kudeatzen dituen Next Generation funtseko 200.000 euroko dirulaguntza du. Kalitate eta prezio eskaintza onena aurkezten duen enpresari emanen dio udalak lanak. Haiek hartzen dituenak hiru hilabete izanen ditu lanak despeditzeko. Marañonek azaldu duenez, “dirulaguntzaren baldintzen arabera, bi urte ditugu lanak egiteko, baina lehenbailehen egin nahi ditugu lanak, udarako bukatuta egoteko”. 

1.000 m3
Bataz beste ur kopuru hori kontsumitzen da Etxarri Aranazko etxeetan, industrian eta abeltzaintzan egunero.