Sarek antolatuta, Etxera eguna hartu zuen Etxarri Aranatzek larunbatean. Hainbat ekitaldiz osatutako egitaraua izan zen. Sareko kideek eguna antolatzean “presoak lehen gradutik ateratzearekin, presoen urruntze politika bukatzearekin pauso garrantzitsuak” eman direla nabarmendu nahi izan du. Pauso horiek “Parlamentuetako adostasunen eta akordioen ondorio dira, baina baita, zalantzarik gabe, gizartearen aktibazioaren ondorio ere”.
Sareko kideek mobilizatzen jarraitzeko beharra azpimarratu zuten, “konpontzeko elementu asko daudelako oraindik”. Horien artean zerrendatu zituzten: “zigorren batuketak edo ia bizitza osoko zigor luzeen ezarpenak, hirugarren gradura iristeko edo baimenak lortzeko oztopoak edota larriki gaixo daudenak etxera itzultzeko dituzten oztopoak”. Horrek guztiak “herri honetan bizikidetzaren eta bakearen alde egiten ari diren urratsak oztopatzeko asmo argia dute”, Sareko kideen iritziz.