Adona Nafarroako Odol Emaileen Elkarteko Etxarri Aranazko ordezkaritzaren festa hilaren 9an ospatu zen. Elizkizunaren ondoren, Iturri Eder jatetxean elkartu ziren. Adonako idazkari Uxua Garziandia Ojerrek odol emaileei eskerrak eman zizkien beraien eskuzabaltasunagatik, eta inguruan dituztenak emaile egitera animatzeko deia egin zuen.
Odola ehun alditan emateagatik aitortza jaso zuen Ignacio Lopez de Sabando Ezkerrak. Bera da Adonak Etxarri Aranatzen duen ordezkaria. Bai berak bai odola 50 alditan eman duten Luis Migel Biain Peñak, Jose Manuel Jaka Artiedak eta Javier Loban Karasatorrek domina jaso zuten Odol emaileen Egunaren kontura Iruñeko Baluarte aretoan egindako ekitaldian (aurreneko biak aurten, atzeneko biak 2021ean).
Lau domina horietaz aparte, beste dozena bat domina ere banatu ziren odol emaile etxarriarren artean, guztiak ere odola 25 alditan emateagatik. Garziandiaren eta Lopez de Sabandoren eskutik jaso zituzten dominak ekitaldian izan ziren zazpi emaileek: Mª Victoria Garmendia Iriarte, Jesus Mª Goena Andueza, Eneka Uharte Leitza, Erkuden Imaz Larrea, Aitor Montori Maiza, Ander Muñoz Garzia eta Jone Zabaleta Ulaiar (bere ordez Juana Marik, amak, jaso zuen). Lopez de Sabandok hurrengo egunetan eman zien domina ekitaldira joan ezin izan zuten Sebastian Araña Zabalari, Ander Beltza Goldarazenari, Iker Eraso Otegiri, Jose Javier Maiza Begiristaini eta Imanol Reparaz Lizarragari.
Datuak
Adonaren Etxarri Aranazko ordezkaritzak 457 kide zituen joan zen urtean, baina osasun arrazoiengatik edo bestelakoengatik guztiek ezin zuten odola eman. Hori 113k egin zuten, aurreko urtean baino 16 gehiagok. Guztien artean ohiko 228 odol emate egin zituzten, 2021ean baino 77 gehiago. Joan den urteko emateetatik 19 atzera bota zituzten, aurreko urtean baino 5 gehiago. Bestetik, ordezkaritzako 17 kidek beste herriren batean eman zuten odola. Azkenik, Adonako ordezkariek nabarmendu zuten joan den urtean bost odol emaile berri izan zirela, zortzi izan ziren 2021ean.
Odola emateko autobusa, autohemoteka, Etxarri Aranatzera maiatzaren 3an eta 10ean etorriko da eta 17:00etatik 21:00etara egonen da osasun etxearen parean aparkatuta. Urteko azken bisitak irailaren 6an eta 13an eginen ditu, eta ordutegi bera izanen du. Hitzordua eskatzeko www.adona.es/eu webgunean egin daiteke.
Hasteko pausoak
Odol emaile izan nahi dutenak ere joan daitezke. Osasun etxean sendagile batek bere mediku historiari buruzko datuak jasoko ditu eta odol emaile izateko egokia bada, odola emateko baimena ematen duen orria sinatu beharko du emaile berriak. Ondoren, hemoglobina proba eginen diote, hau da, hatz batean ziztadatxo bat eginen diote odol tanta bat ateratzeko. Dena ongi badago, emaile zenbaki batekin aterako da kontsultatik. Segituan, emaileak autohemotekara joan beharko du odola emateko. Horren aurretik, tentsioa neurtuko diote aulki batean etzanda.
Hurrengo pausoa odola ematea izanen da. Hura poltsa batean sartzen da, kontserbatzeko eta ez koagulatzeko sustantziak dituenak. Eman ondoren, minutu batzuk suspertzeko geldirik egon beharko da, tentsioa hartu eta odol bankuko profesionalen oniritziarekin autohemotekatik ateratzeko baimena jasoko du. Prozesua bukatzeko, beste odol-emaile batzuekin batera ondoko tabernan mokadu bat jateko aukera izanen du.