Aizkora

Sakanako Aizkora Txapelketak ikusmin handia piztu zuen

Guaixe 2023ko api. 24a, 12:38

Jendetza bildu zen Etxarri Aranatzen Amalur azokaren ildoan antolatutako aizkora txapelketa jarraitzera

Etxarri Aranazko ferien barruan Sakanako Aizkolari Txapelketa jokatu zen. Hiru bikote lehiatu ziren: Arkaitz Jauregi-Iker Gorriti, Iban Resano-Goizeder Beltza eta Eloi Kortxero-Juanjo Erdozia. Ekimenak ikusmen handia sortu zuen, jendetza bildu baitzen herri kirolez gozatzera. Lan potoloa zuten aurretik: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako, oinbikoa eta 80 ontzakoa. Txapelketa Kortxero-Erdozia eta Jauregi-Gorriti bikoteen artean erabakiko zela aurreikusten zen eta azkenean lehendabizikoak gailendu ziren (19:09), bigarrenei 24 segundo aterata (19:33). Resano eta Beltza izan ziren hirugarrenak (20:29).

Halaber, ekitaldian Sakanako Harri Jasotze eskolan Mikel Lasarterekin trebatzen diren Aitor Oiarbide etxarriarrak eta Albaro Zugarrondok harri jasotze erakustaldia egin zuten, hainbat harrirekin, eta aizkoran bikote mistoak osatuta erakustaldia egin zuten Mikel Gozueta-Maika Aristegik eta Iker Goldarazena-Beatriz Tancok. Lehendabizikoak gailendu ziren.