Atletismoa

Asier Estarriaga eta Israel Arbizu Hiru Herri lasterketako Top 10ean

Guaixe 2023ko apirilaren 26a

Hiru Herri lasterketako irteera. HIRU HERRI

Estarriaga zazpigarren sailkatu zen 10 kilometroko proban eta Arbizu laugarren 5 kilometrokoan

Apirilaren 23an 33. Hiru Herri lasterketa jokatu zen, Atarrabia, Burlata eta Uharte Iruñea batzen dituen lasterketa ezaguna, Hiru Herri klubak antolatzen duena. Bi distantziatan jokatu zen: 10 km eta 5 km. Guztira 493 korrikalarik parte hartu zuten, 369k 10 kilometrotan eta 124 korrikalarik 5 kilometrokoan.  

10 kilometroko proba borrokatua izan zen, baina Javier Nagorek erasoa jo, aldea atera eta erraz gailendu zen (31:51). Asier Estarriaga etxarriarrak lasterketa polita egin zuen eta zazpigarren sailkatu zen (34:16). Top 25 kontuan hartuta, Ivan Sobredo hamabigarren sailkatu zen (35:23), eta Mikel Berdud 22. (36:41). Emakumezkoetan, Vanesa Pachak ez zuen areriorik izan (37:35) eta minutu eta erdi baino gehiago atera zizkion Henar Etxeberriari (39:02). 

5 kilometroko proban Markel Ciriza gailendu zen (15:46), Mikel Azkonari 3 segundo aterata (15:49). Israel Arbizu etxarriarra laugarren sailkatu zen (16:04). Emakumezkoetan Maite Gonzalezek irabazi zuen (19:09).