Maiatza Hartzabalen

Guaixe 2023ko mai. 3a, 11:47

Jendetza izan zen hura nola jaso zuten ikusten.

Gosariaren logistikarekin izandako arazo txiki batek pixka bat atzeratu zuen maiatza jasotzea. Fabatxabalen pagoa moztu zuten. Aizkolariak jabetu ziren hurrengo bi urteetarako aleak badaudela, baina handik aurrera urrutirago joan beharko dutela maiatza bila. Bizkar gainean hartuta, enborra Hartzabaleraino eraman zuten. Joan den urtean bezala, aurten ere, emakumezkoak garraioan eta jasotzen aritu ziren. Lan horiek ikusten jendetza zegoen, eta, estreinakoz, zuzeneko musika doinuak izan ziren, Fanfarxar fanfarreak eskainitakoak, hain zuzen. 

Metalezko sei euskarriz eta soka baten laguntzaz igo zuten maiatza etxarriarrek. Aurrena, enborra 96 cm-ko zirkunferentzia duen zulora hurbildu zuten. Lehenik eskuz, ondoren oinarrien laguntzaz, pago enborra zutitu zuten. Bulkatzeko erabilitako oinarri mehetako bat egindako indarraren ondorioz pixka bat tolestu bazen ere, lana behar bezala egiteko ez zen traba izan. 17 minututan zutitu zuten enborra, eta beste bost behar izan zituzten hura behar bezala egonkortzeko. 82 cm-ko zirkunferentzia zuen enborra zuloan behar bezala heltzeko, adarrekin ziriak egin eta sartu zituzten.