Epaitzak eskatzeko epea zabalik dago

Guaixe 2023ko mai. 8a, 10:50

Etxarri Aranazko ikuspegia Hartzabaldik.

Maiatzaren 18ra arteko epea dago eskaerak egiteko.

Etxarri Aranazko Udalak etxeetarako egur loteak banatzeko prozesua hasi du. Zenbat epaitza eskaera dauden jakiteko, etxarriarrek izena eman behar dute. Horretarako, www.etxarriaranatz.eus webgunean dagoen eskaera orria bete eta banku edo kutxan ordainketa egin izandaren ordainagiria aurkeztu beharko dute. 44 euro dira epaitza bakoitzeko. Epez kanpo ordaintzen dutenek 60 euro pagatu beharko dituzte. Ohi bezala, epaitzen esleipena zozketa bidez eginen du udalak. Etxebizitza herritik 7 km baino gehiagora duenari esleipen zuzena eginen dio udalak. 

Baldintzak 
Etxerako egurra ateratzeko zenbait baldintza ere zehaztu ditu udalak. Batetik, ezinezkoa da zuhaitzak bere adarrekin arrastaka ateratzea. Kalterik sortuz gero lotearen jabea izango da erantzulea. Bestetik, pistara eta ezpondara eroritako adarrak kendu beharko dira. Zuhaitzak moztu eta gero geldituko den tokoia ezin da 10 zentimetro baino handiagoa izan. Bestetik, epaitzak ateratzeko epea garilaren 1an hasi eta irailaren 30ean bukatuko da. Epe horren barruan aterako ez balitz, lotea Etxarri Aranazko Udalaren eskuetara pasatuko litzateke. Epeak aldatzen badira interesdunei jakinaraziko zaie, bandoaren bidez.

Udaletik gaineratu dutenez, bideak eta mendia ez kaltetzeko, eguraldi txarra dagoenean eta egun euritsuak direnean ezin izango da mendian lan egin. Lotearen esleipendunak ardura osoa bere gain hartuko du, bai berak hartu dezakeen kaltez, bai beste pertsonei sor dakiekeen kaltez. Era berean, istripuak ekiditeko segurtasun neurriak kontuan izateko konpromisoa hartuko du. Egur lotearen esleipendunak egurra norberak aprobetxatu beharko du, egurra saltzea beti ere debekatuta dago.