Covitek salatu duenez, Euskal Autonomia Elkarteko eta Nafarroako EH Bilduren zerrendak osatzen dituzten 44 pertsona ETAko kide izateagatik eta harekin kolaboratzeagatik zigortuta egon ziren iraganean, eta horietako zazpi hilketagatik zigortuta ere egon ziren. Covitek "bereziki larritzat eta arriskutzat jotzen du demokraziarentzat historia kriminala eta terrorista duten pertsonek orain kargu publikoan lan egitea, aurrekari penalak kontuan hartu gabe". Coviteko presidente Consuelo Ordoñezek adierazi duenez, "ezein demokrazia duinek, ezein Zuzenbide Estatuk, terrorismoaren biktimen esanahiaz jabetuta, ez luke ahalbidetuko terroristen ate birakariak politika izatea". Ordoñezek gaineratu duenez, "pertsona horiek kargu publikoak bete ahal izatea, iraganean demokraziari mehatxu oso larria egin izan ez baliote bezala, kezkagarria eta etsigarria da".
EH Bilduren Nafarroako presidentegai Laura Aznalek adierazi duenez, ETAko kide izateagatik zigortutako pertsonek, koalizioaren hauteskunde zerrendetan daudenek, "eskubide guztiak dituzte, baita eskubide politikoak ere". Nabarmendu duenez, "guk bere garaian zerrenda batzuk aurkeztu genituen, zerrenda horiek Hauteskunde Batzordetik pasatu ziren, eta hark ez zuen inolako trabarik jarri". Aznalek azpimarratu duenez, pertsona horiek guztiek beren eskubide guztiak dituzte, baita eskubide politikoak ere", azpimarratu du. Gaineratu duenez "beste alderdi politiko batzuen urduritasuna agerian utzi du prentsak gaur (asteazkena). Oso lasai gaude, oso itxaropen onak ditugu hauteskunde hauei begira. Beste alderdien urduritasunaz haratago, guk erabateko lasaitasuna", errepikatu du.
Epaiaz
Kolektiboak publiko egindako zerrendan Juan Cruz Aldasoro Jauregi etxarriarra agertzen da, Nafarroako Parlamenturako EH Bilduren zerrendan bigarren ordezko dena. Covitek etxarriarrari buruz jakinarazi duenez, "2014an 3 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, erakunde terroristako kide izatea egotzita. Epaiak frogatu zuen berak eta gainerako zigortuek Herriko Tabernen bidez finantzatu zutela ETA".
Herriko tabernen edo 35/02 auzia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak abiarazi zuen 2002an, "dena ETA da" garaian. Epaiketa 2013an hasi zen eta hurrengo urtean etorri zen epaia: 20 pertsonarendako zigorrak eta 111 herriko taberna konfiskatzea agindua, tartean Altsasuko Herria Eginez elkartea. Etxarriarra, aurretik, behin behinean preso bi urte eta bost hilabete egona zen. Euskal Herrian epaiaren kontrako jarrera adierazi zuten hainbat alderdi politikok eta eragileek.