Maiatzaren 4an aurkezpena egin eta, dagoeneko, web orria bisita daiteke.
1. Etxarri Aranazko ondare materiala bildu duzue.
Bai. Gure basoan, baita herrian ere, aurkitu ditugun giza arrasto guztiak eta jendeak urtetan aurkitutako giza arrasto guztiak geolokalizatzen saiatu gara. Jendeari herri mailan zer daukagun erakusteko multzo polita bildu dugu.
2. Nondik heldu da ideia?
Orain dela hiru edo lau urte basoan zista bat aurkitu zuen Arkaitzek, trikuharri txiki bat, eta pandemia garaian estalita zegoen oraindik indusketa lanak egiten ari zirelako. Bakarren batek puskatu zuen. Ezpileta elkarteko kideekin eta Gasteizko arkeologia talde batekin berreraikitzeko aukera egon zen. Gure ar tean esan genuen agian gauzak ez direla zaintzen ez direlako ezagutzen, eta komeni zela jende guztiak topatutako gauzak zer ziren eta non zeuden herriari eskaintzea.
3. Zenbat denbora aritu zarete?
Ideia horrekin hasi ginen duela urte eta erdi. Orain uste dugu bilduma potolo xamarra dugula eta horregatik erabaki dugu publiko egitea eta egindako lana erakustea.
4. Zein izan da prozesua?
Konpontzera dozena erdi bat pertsona bildu ginen; lana egiten ari ginela hizketan hasi ginen. Miguel Markotegik dena txukuntxukun, detailera, gordeta eta erregistratuta dauka. Miguelek kartela jarri zuen eta guk biok pentsatu genuen jende asko ibili dela orain arte gauzak aurkitzen, eta agian gauza horiek guztiak publiko egin behar genituela. Miguelekin hitz egin genuen eta bere artxibo guztia utzi zigun. Guk gauzatxoren bat opatu dugu, baina bereziki jende desberdinak egindako lana bisualizatzeko ahalegin bat da.
5. Ondare hori markatuko da?
Guk geolokalizatu dugu eta Internet bidez kontsultatu ahalko da. Hor azaltzen da Etxarri Aranazko ondarea irizpide batzuen arabera sailkatuta. 56 gauza inguru jarri ditugu. Mapa bat ere jarri dugu,eta mugikorrarekin bertara iristeko modua dago. Udalarekin hitz egin dugu eta bere esku utzi dugu. Hemendik aurrera iniziatiba asko sor daitezke. Ikuskatzea eta babes bat ematea nahi dugu.
6. Beste bide bat zabaltzen da?
Auzolan baten jarraipena da. Mendian ibiltzen zirenek aurkitutako gauzak guk geolokalizatu ditugu eta beste batzuk erantsi ahalko ditugu. Uste dugu herritarrak hasiko direla esaten halako tokitan zerbait dagoela eta horrelakoak. Orduan, amaierarik gabeko bilketa bat da. Duela zenbait hilabete ibilbide txiki bat egin genuen. Zenbait tokitara iristea erraza da. Beste batzuetan basurdeak bezala biderik ez dagoen tokitatik sartu behar zara eta ez da hain erraza bertara iristea. Baina ibilbide txiki batean zenbait gauza ikusteko aukera dago.
7. Gauza asko egin daitezke.
Ikastetxeetan wikipedia proiektu txikiak egiten ibiltzen dira, eta hor beste aukera bat dago. Orientazio probak egiten dituztenean banderinak bilatzen egon beharrean errota harriak bila daitezke...
8. Zer bildu duzue?
Denetarik dago: badaude iturriak, mugarriren bat berezia delako, hilarriaren bat, harrobiak, galtzadak, zotolak, paretaren bat, zubiren bat, baselizak ere markatu ditugu... Guretzat garantzitsuak diren gauzak beste batentzat, agian, ez dauka horrenbeste garrantziarik.
9. Nola da zuekin basora joatea?
Manu: Arkaitzi esker ezagutu nuen basoa beste modu batera ikusten. Biologoa naiz eta ikusten nituen basurde arrastoak edo zuhaitzak. Baina Arkaitzek tokiz kanpo dauden gauzak ikusten ditu. Orain nik ere horrelako gauzak ikusten ditut. Bidez kanpo ibiltzeko joera sartu zait, batez ere pandemia garaian Haritzen bidea bete zelako eta ezin zelako lasai ibili. Ni basora lasaitasun bila joaten naizen horietakoa naiz, eta orduan bidez kanpo ibiltzen hasi nintzen. Arkaitzen bidez horrelako gauzak ikusten ditut. Zerbaitek atentzioa deitzen badizu, historiaren bila zoaz.
10. Bi gauzak uztartu daitezke?
Gozamena da.
11. Zein da webgunea?
QR bidez jendea zuzenean sar daiteke, bestea: sites.google.com/view/etxarrikoondarea/etxarriaranazkoondaremateriala.