Etxarri Aranazko Udala azken uholdeek kaltetutako dermioko bideak konpontzeko lanak egiten ari da. Hiru dira eta guztiak ere ibaitik gertu daude: Baxate-Kanpozelei, Ustiye eta Oporo. Bideak kaskailuarekin konponduko direla jakinarazi du Silvia Marañon Chasco alkateak, “baina toki zehatz batzuetan porlana jarriko da”, zehaztu du. Konponketak 170.000 euroko aurrekontua du. Udalak dirutza horri aurre egiteko uholdeengatik estatuak emandako 81.691,59 euroko dirulaguntza eta Nafarroako Gobernuak nekazaritza azpiegiturak konpontzeko emandako 67.517,01 euroak ditu. Gainontzeko 20.791,4 euroak udalaren diruzaintzako soberakinetik atera dira.
Bestetik, alkateak jakinarazi du Beheko basoko bidea ere konponduko dela. Lanak San Adrian egunaren aurretik, garagarrilaren 16a baino lehen eginen dira. Han ere kaskailua zabalduko dute, baina zatiren bat porlaneztatuko dute. Lanaren proiektuak 10.000 euro balio ditu eta lanak berak beste 25.000 euro. Baso hobekuntzetarako dirulaguntza eskatu du udalak eta haren bidez aurrekontuaren %60a ordaintzea espero du.