Maiatzaren 12an ez zegoen giro Irurtzunen. Euria eta hotza.
Ez zenuen bizikleta bildu eta etxera joateko tentaziorik izan?
Ez. Aurreko astean La Palman egon nintzen oporretan, eta probaren bezperan iritsi nintzen Etxarrira. Bai hala bai La Peluso egin behar nuela argi nuen. Ez nuen zalantzarik izan. Etxeko proba zikloturista da, eta etxeko martxak egiteko gogoa izaten dut beti. Ibilbide Luzean nengoen izena emanda, baina eguraldiagatik motza egin nuen. Hori ere argi nuen.
1.387 txirrindulari zeundeten La Peluson izena emanda eta horietatik 687 atera zineten. Zegoen eguraldia kontuan hartuta, kopuru oso handia. Euriak ez zuen tregoarik eskaini.
Ibilbide guztian barna bota zuen etengabe, eta tarteka zaparrada sendoak ziren. Ez dakit erotuta ote gauden, baina halako panoramarekin ia 700 pertsona ateratzea izugarria da. Meritua izan genuen ateratzeagatik. Eguraldi kaxkarrari irribarrea. Zer egingo dugu? Ez dago besterik.
Erorikoak izan ziren?
Nire inguruan ez. Goñi aldea nahikotxo ezagutzen dut, animalia eta azienda asko ateratzen da errepidera, eta arrastoa uzten dute, ongarria. Bideberri bustiarekin oso erraza da bertan irrist egitea, eta gehienbat horri nion beldurra. Goñi jaisten ari ginenean ondokoei abisatu nien, kontuz ibiltzeko. Baina parean ez zen inolako arazorik egon.
Zer moduz ibili zinen?
Euria egiten duenean jaitsieretan beti jaisten duzu erritmoa, baina gero zer esango dizut, beti bezala topera joan ginen, ahal genuen guztia ematen. Halakoak gara, nahiko lehiakorrak. 2 ordu eta 56 minutu ingurutan egin nuen ibilaldi motza, ongi, kontentu. Txirrinta asetu, gorputzari estualdia eman eta ahal den moduan disfrutatu genuen, nahiz eta ez zegoen giro. Baina gogorrak gara, egin genuen eta kontentu!
Nolakoa da La Peluso?
Ibilbide motza gogorra da. Goñiko bailaran aldapak daude eta Madotz aldean baita. Gero Lekunberri jaitsi, Ultzama aldean sartu... badu berea. Ibilbide motza egiteko bizikletan ibili beharra dago, gutxieneko prestakuntza, disfrutatu ahal izateko. Eta Ibilbide luzea ederra da. Leitza aldean sartzen da, Huitzi, Basakabi, Saldias, Beruete... hitz potoloagoak dira, beste maila bat. Ibilbide gisa oso polita da.
Halakoetan agian kanpotarrek baloratzen dute gehiago gure paisaiaren edertasuna guk baino.
Zalantzarik gabe. Ibilbide guztia da polita, dena berde-berdea. Leitzaldean sartzerakoan bidea itxi egiten da, estutu, eta Doneztebe aldera jaisterakoan itxitasun horretan dena da mendia, dena zuhaitzak... oso polita da. Gure paisaiarekin ohituta gaude, baina ni asko jaisten naiz zonalde horrera, eta ikusgarria da. Toki pribilegiatu batean bizi gara.
Denboraldian barna proba asko egin dituzu?
Nahiko saltseroa naiz eta nahikotxo egin ditut. Aurten korrika oso gutxi nabil, aldiz, bizikletan bai. Aste Santuan Igualadan egon nintzen, Volcat BTT proban. Asko disfrutatu genuen eta asko sufritu genuen. Ondoren Monegros BTTan egon nintzen, Sariñenan (Huesca). Txirrindulari askok hartzen dute parte bertan, eta denetatik du, baita basamortua ere. Bero egin zuen. Eta ondoren La Peluson.
Hemendik aurrera, zeintzuk dira helburuak?
Ekainaren 4an Transbizkaia txirrindularitza proba luzea eta gogorra dut, Durangon hasi eta Urkiola gainean despeditzen dena (179 km, 3.500 m +). Eta gero niri gehien gustatzen zaidan proba: Irati Xtreme. Ekainaren 10ean izango da, Otsagin (128 km, 3.600 m +), eta portu gogorrak ditu, Larrun tartean. Ezin dut huts egin, niretako toki magikoa delako. Gogorra baino, ederra. Denboraldiko helburu nagusia da niretako, ez gogortasunarengatik, baizik eta proba berarengatik, tokiarengatik eta sortzen didanagatik. Abuztuaren 6an Andorrara joango naiz, La Purito Andorra (115 km, 4.800 m+) egitera, beste basakeria bat (kar, kar).
"Ekainaren 10ean Irati Xtreme egingo dut, gehien gustatzen zaidan proba. Niretako, berezia da"
Nola gustuko duzuen sufritzea.
Sufrimenduarekin disfrutatzea, esango nuke.
Anaia bikiak, Aritzek, Zegama-Aizkorrin parte hartu zuen igandean. Hura ikustera joan al zinen?
Parte hartzen duenean laguntzera joaten naiz. Aizkorrira joaten naiz hornidurarekin laguntzeko, Urbiara jaisten naiz... Baina aurten esan zidan debekatuta nuela Aizkorrira igotzea, eguraldi gaiztoa zegoelako eta “miseria handia” pasatuko zuelako. Horregatik, Ortzaurtera hurbildu nintzen. Lasterketa hasiera zen, eta ez nuen gehiegi ikusi, eta ondoren etxera etorri eta telebistan jarraitu nuen proba. 5 ordutik jaitsi zen, eta kontentu zegoen. Zegoen eguraldiarekin 5 ordutik jaistea asko da. Aurreko astean La Palma irlan egon ginen eta anaiak Transvulcania ultra egin zuen (72 km), eta nik uste dut horrek ere faktura pasa ziola.
Eguraldia izugarria izan zen.
Nik ez dut ezagutu Zegama-Aizkorrin halako eguraldirik. Zaparrada zaparradaren atzetik. Nolako meritua proba egin zutenak. Ikusgarria izan zen.