Futbola

Etxarrik azken jardunaldian jakingo du Preferente mailari eusten dion

Guaixe 2023ko mai. 23a, 11:30

Lagun Arteak laugarren garaipena lortu du jarraian, baina ez da nahikoa izan eta mailaz jaitsiko da

Preferente Mailako 33. jardunaldia jokatu berri da, azken aurrekoa, eta aurreko jardunaldian gertatutakoa errepikatu zen: Altsasuk galdu egin zuen eta Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak, ordea, irabazi. 

Uharte Iruñean jokatu zuen Altsasuk, Lagun Artearen kontra galtzetik zetorren Itaroa Huarte B taldearen kontra. Itaroak ez zion Altsasuri aukerarik ñimiñoena eman izan nahi, eta 21. minuturako aurreratu egin zen. Altsasu partidan sartuta egon zen 68. minutura arte, berdintzeko aukerekin, baina ez zuen hala egin eta 68. minutuan bigarrena sartu zuen Itaroak. Partida bukatzeko 10 minuturen faltan hirugarrena sartu zuten Iruñerrikoek, eta punturik gabe itzuli ziren altsasuarrak. 

Etxarri Aranatzek Doneztebe hartu zuen Preferente mailari eusteko hil ala biziko partidan. Zaleek ere ongi erantzun zioten taldea animatzera joateko deiari. 15. minutuan Xabat Goikoetxeak Etxarri Aranatz aurreratu zuen, penaltiz. Partidak oso borrokatua jarraitu zuen izaten. 42. minutuan, atzera ere penaltiz, Oihan Karasatorrek bigarrena sartu zuen. Doneztebe saiatu zen, baina markagailua ez zen mugitu eta 3 puntuak eta Preferente mailan jarraitzeko itxaropenak Etxarri Aranatzen geratu ziren, ederki ospatu zirenak. 

Lakuntzako Lagun Arteak Burlatan jokatu zuen, Burladés taldearen kontra. Azkeneko hiru partidak irabazi eta gero, garaipenaren bidetik segi nahi zuten sailkapeneko azken postuetan dauden lakuntzarrek, eta baita lortu ere. Gaizka Sagarzazuk aurreratu zuen Lagun Artea 16. minutuan, eta bigarrenean Endika Basasororen eta Iker Anduezaren golak iritsi ziren, eta 0 eta 3 irabazita itzuli ziren lakuntzarrak. 

Sailkapena eta azken jardunaldia
Gauzak horrela, Amigok jarraitzen du Preferente mailako lider (75 puntu). Altsasuk hamabigarren postuan jarraitzen du (40 puntu), azken lau partidak galdu baititu. Etxarri Aranatz hamabosgarren da (32 puntu) eta Lagun Artea hemezortzigarren (26 puntu), sailkapenean azkena. Liga despeditzeko jardunaldi bat geratzen da, eta nahiz eta irabazi, Lakuntzako taldeak ezingo du jaitsiera postuetatik atera eta Erregional mailara jaitsiko da. Denboraldian lortu dituzten sei garaipenetatik lau azken lau asteetakoak izan dira. Lastima liga hasieran horren gaizki ibili izana. Azken jardunaldian Lagun Arteak sailkapenean laugarren den Aibarés taldea hartuko du Zelai Berrin, larunbatean, 18:00etan, Zelai Berrin. Etxeko zaleen aurrean ligari amaiera polita eman nahi diote lakuntzarrek. 

Altsasuk Burladés taldea hartuko du larunbatean, 18:00etan, Dantzalekun. Altsasuk Preferente mailari eutsi dio eta azkeneko lau porroten ondoren, garaipenarekin despeditu nahi du lehia. 

Etxarri Aranatz jaitsiera postuetan dago, hamabosgarren, baina azken partida irabazten badu eta sailkapenean euren gainetik puntu berberekin hamalaugarren den Beriain taldeak puntuatzen ez badu, hamalaugarren postura igo eta Preferente mailari eutsiko dio. Hori da etxarriarren itxaropena. Sailkapenean bigarren den Arrotxapearen kontra jokatuko dute larunbatean 18:00etan, El Iratin. Ea faktore guztiak alde egon eta Etxarrik Preferenten jarraitzen duen.