Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi duenez, igerilekuek bihar hasiko dute denboraldia. Uda sasoirako txartelak eskuratu nahi dituenak kanpinaren web orriaren bidez egin dezake, www.campingetxarri.com webgunean hain zuzen ere. Abonamendua edo sarrera ordaindu beharrik ez dute 65 urtetik gorakoek, baina, horretarako, sarreran nortasun agiria aurkeztu beharko dute.
Bestalde, udalak kirol azpiegituraren erabilera egokia egiteko zenbait ohar jakinarazi ditu. Batetik, igerilekuan sartzeko beharrezkoa da bainu txanoa janztea. Bestetik, igerilekura joan eta kanpinean ostatu hartuta ez dauden pertsonek goiko aparkalekua erabili beharko dute ibilgailuak uzteko. Izan ere, beheko aparkalekua kanpinean ostatu hartuta dauden pertsonendako izanen baita bakarrik. Azkenik, Etxarri Aranazko Udalak arduraz jokatzeko deia egin du, eta momentu bakoitzean igerilekuko arduradunek zehazten dituzten osasun eta segurtasun neurriak betetzeko gomendatu du.
Abonamenduak
Igerilekuko uda sasoiko txartela eskuratzeko hiru sail eta lau adin tarte zehaztu ditu udalak. Lehenak Etxarri Aranatzen erroldatutakoek ordaindu beharrekoa zehazten du. Hala, 5 urte baino gutxiago dutenek sarrera dohainik izanen dute. 5 eta 10 urte bitarteko haurrek udako txartelagatik 21,15 euro ordaindu beharko dituzte. 11 eta 16 urte arteko gaztetxoek, berriz, 34,5 euro. Eta, azkenik, 17 urtetik gorakoek txartelagatik 54,5 euro pagatu beharko dituzte.
Herrian erroldatu gabe, igerilekuko udako txartela eskuratu nahi dutenek ordaindu beharrekoak honakoak dira: 5 urte artekoek 17 euro, 5 eta 10 urte artekoek 27 euro, 11 eta 16 urte artekoek 41 eta 17 urtetik gorakoek 63,5 euro.
Azkenik, Etxarri Aranatzen erroldatutako familia ugariendako prezioak ere zehaztu ditu udalak. Haien kasuan 5 eta 10 urte arteko haurren txartela 17,2 eurokoa izanen da, 11 eta 16 urte artekoena 27,6 eurokoa eta 17 urtetik gorakoena, berriz, 43,6 eurokoa.