Joanes Bakaikoa Satrustegi etxarriarrak Promesen mailako bere laugarren txapela lortu zuen larunbatean Labriten. Aurretik hiru txapel zituen: 2018an Buruz Buruko Txapelketa eta Lau eta erdikoa irabazi zituen, eta 2021ean Lau eta erdikoa. Hiru horiei larunbatean Labriten lortutako 2023ko Buruz Burukoa gehitu die, partida zail, gogor eta hunkigarrian Iker Salaberriari 22 eta 20 irabazi eta gero.
Promozioko Buruz Buruko finalean sarrera erdia izan zuen Labritek. Bi pilotarien aldeko pankartak zeuden zabalduta, baina agian Salaberriaren aldekoek sortu zuten zalaparta gehiago. Bakaikoaren eta Salaberriaren arteko final gogorra aurreikusten zen, paretsua, biak promesa handiak baitira. Ez da ahaztu behar Salaberriak 2022an Lau eta erdikoa irabazi zuela eta Buruz Buruko txapeldunordea izan zela. Beraz, ez zegoen faborito argirik, lehia borrokatua ikusten zelako. Hala ere, dirua Bakaikoaren alde atera zen, 100-80ra.
Finala aurreikusi bezain estua eta gogorra izan zen. Bi pilotariek dena eman zuten ordu bat eta 12 minutu iraun zuen partidan. Salaberriak partida azkartasunez jokatuz eraman nahi zuen bere aldera. Partida luzatuz gero Bakaikoaren erresistentzia eta euste ahalmena izugarria delako. Horretan saiatu zen hasieran, asko arriskatuz, baina Bakaikoak ongi erantzun zuen, botera jokatuz, eta 9 eta 7 aurreratu zen. 406 pilotakada gurutzatu ziren finalean, parekotasuna izan zen ezaugarririk nabarmenena. 9 aldiz berdindu zen markagailua, eta Labrit gudu zelaian bilakatu zen. Batek aurrera, besteak harrapatu, besteak aurrera... ez zuten tarte gehiegirik ateratzen. Akats berberak egin zituzten, zazpina akats, baina Bakaikoa finagoa izan zen sakearekin (zazpi tanto egin zituen sakez, Salaberriak bi), eta bere arma garrantzitsuenetakoa izan zen.
Fisikoki, partida gogorra izan zen bi pilotariendako; pilotari bakoitzak bere krisialdia izan zuen, eta gehien eutsiko zuenak txapela jantziko zuela agerikoa zen. Bakaikoak aldea atera zuen, 16 eta 13, baina Salaberriak buelta eman zion, eta bost tantoko partzial ederrarekin 16 eta 18 aurreratu zen. Bakaikoak ongi eutsi zion, sakez tantoa egin, gakoetako bat. Salaberriak 19ra berdindu zuen, final epikoa bilakatuz, eta Bakaikoak partida gehiago gogortu zuen. Nekearen nekez Salaberriaren akatsa probokatu zuen. 22 eta 20 irabazita, sari bikaina jaso zuen Bakaikoak, Promesen mailako Buruz Buruko bere bigarren txapela.