Triku Trail: 21 kilometro eta 1.300 metroko desnibela

Guaixe 2023ko mai. 30a, 09:45

2022ko Triku Trail lasterketa. ARTXIBOA

Ekainaren 25ean, igandea, jokatuko da Triku Trail mendi lasterketa, Etxarri Aranazko kanpinetik. Lasterketa Mendi Lasterketen Nafarroako kluben arteko txapelketaren barruan egonen da.

Triku Trail taldeak antolatutako izen bereko lasterketa jokatuko da ekainaren 25ean, igandea, 09:30etik aurrera, Etxarri Aranazko kanpinetik. Lasterketa Mendi Lasterketen Nafarroako kluben arteko txapelketaren barruan egonen da. Korrikalariek 21 kilometroko ibilbidea eta 1.300 metroko desnibela osatu beharko dute.

Ibilbidea Etxarri Aranazko kanpinean hasten da. Ezkerreko pista hartu ondoren korrikalariak basoan sartuko dira, eta Maitzegurrera iritsi arte, arazorik ez dute izango. Ondoren, Auntzetxe bordara iritsiko dira eta Txaradigorri dolmenera bidea hartuko dute korrikalariek, baina iritsi aurretik GR-12 bidea hartu beharko dute, Lizarrustira iristeko. Igoera handi bat hasiko dute hemen, eta kilometro bat pasata GR-12a utzi eta Txaradigorrira iristeko ezkerreko bidea hartu beharko dute. Ibilbidearen puntu gogorrena da hau.

Hirumugetatik  pasa ondoren jasiteko bidea hasiko da, Jentizulo eta Iruiturrieta dolmenetatik pasatuko dira korrikalariak, eta Iraigorrira irtsi ondoren Fagamendi dolmenera joateko igoera handi bat hasiko dute, berriz ere jaisteko eta milurteko haritzetatik pasata, Etxarri Aranazko kanpineko helmugara iristeko.

Ekainaren 10era arte dago Triku Trailean izena emateko aukera, inscripciones.nafarmendi.org webgunean. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, Mendi lasterketen Nafarroako kluben arteko txapelketa hartuko duenez, taldeak izena ematerakoan adi egon behar direla: korrikalariek izena eman behar dute, eta gero federazioari taldearen izena eman.