Esku hartze orokorreko proiektua Malkarramendi auzoan

Guaixe 2023ko eka. 8a, 11:20
Esku hartze orokorreko proiektua hartzen dituen ateak urdinez nabarmenduta. SITNA

Guztira hamar atari hartzen baditu ere, haietako seitan eginen da momentuz.

Malkarramendi kaleko 4, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 13 eta 15 zenbakiak hartzen dituen esku hartze orokorreko proiektua onartu du Nafarroako Gobernuak. Guztira 10 atari eta 60 etxebizitza dira proiektuak hartzen dituenak, baina 6, 7, 9, 10, 11 eta 12 zenbakietako jabeen erkidegoei aplikatuko zaie. Dena dela, esku hartze orokorreko proiektuaren indarrean den bitartean gainontzeko lau atarietakoek noiznahi jakinarazi diezaiokete etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektuarekin bat egin nahi dutela. Jakinarazpen hori nahikoa izanen da proiektua gainerako erkidegoetan ere aplikatzeko.

Esku hartze orokorreko proiektuen helburua da hiri finkatuko atari, etxe sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emandako foru aginduaren administrazio bidea ez da bukatu. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete.