Astekaria

"Ez nuke txapel hau besteen gainetik jarriko"

Maider Betelu Ganboa 2023ko eka. 5a, 14:00

Joanes Bakaikoa, merezitako txapelarekin, Iker Salaberria alboan duela. BAIKO

Promesen Buruz Buruko txapelduna da Joanes Bakaikoa, tentsio handiko final gogorrean Iker Salaberriari 22 eta 20 irabazita. Bere laugarren txapela jantzi du

Joanes Bakaikoa Satrustegi etxarriarrak Promesen mailako bere laugarren txapela preziatua lortu du, Buruz Buruko finalean Iker Salaberriari partida gogor bezain hunkigarrian 22 eta 20 irabazi eta gero. Txapel honi 2018ko Buruz Burukoa eta 2018ko eta 2021eko Lau eta erdikoak gehitu behar zaizkie. 

Iker Salaberriari irabazteko ederki sufritu behar izan zenuen.
Izugarri. Finala izugarri gogorra izan zen, eta asko eskatu zidan, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Lehertuta bukatu nuen. Agian ez nuen beste batzuetan bezainbeste disfrutatu. Sufritzea tokatu zen, baina ongi atera zen, eta oso pozik nago.

Zuk esperotako finala izan al zen?
Alde batetik, bai, banekielako oso gogorra izango zela. Salaberria oso pilotari erregularra da, eta banekien ez zuela gaizki jokatuko. Nire asmoa zen Altsasuko finalerdian izan nituen sentsazio on horiek edukitzea eta joko aldetik kantxan pixka bat gehiago disfrutatzea. Ez nuen oso sentsazio onik eduki, baina finala sufritu beharra zegoen, eta nola edo hala lortu nuen.

Salaberriaren estrategia joko azkarrarekin partida bideratzea izan zen, partida gogortuz gero zuk erresistentzia bikaina duzula jakin badakielako. Baina ongi erantzun zenuen eta, gainera, sakearekin min asko egin zenion.
Buruz buru denetarik izaten da. Partida hasieran pilotari kolpe txar bat eman nion behatzarekin eta jokaldiak egiterako garaian konfiantza galdu nuen. Oinazeak nituenez, pixka bat deseroso aritu nintzen. Baina pilota astindu beharra nuen eta gogor egin nion. Berak oso ongi eutsi zuen. Eskerrak sakearekin asmatu nuen!

Bederatzi aldiz berdindu zenuten, parekotasun handiko lehian. Momenturen batean burutik pasatu zitzaizun partidak ihes egingo zizula?
Buruak lan handia egiten du une horietan. Alde batetik pentsatzen nuen oso zaila zegoela. Tarte batzuetan bera ni baino hobe ikusten nuen. Bestalde, tantoz tanto joatea nahi nuen. Mentalki oso gogorra izan zen. Buruz burukoan partidatik ez ateratzea oso garrantzitsua da, eta nola edo hala lortu nuen, nahiz eta une batzuetan sentsazioak onak ez izan.

"Pilotari kolpe txar bat eman nion eta deseroso aritu nintzen; haustura txikia dut"

Orain arte jokatutako finalik gogorrena izan zela esan zenuen. 
Jokatutako final gogorrena, zalantzarik gabe, bai fisikoki eta baita mentalki ere.

Txapela ospatuko zenuen, ezta? Larunbata izanik eta Iruñean...
Oso nekatua nengoen eta gogo handirik ez zeukan, aitortuko dut. Ohera joateko gogo gehiago nuen (kar, kar...). Baina halako egunak aprobetxatu behar dira, eta gustura ibili ginen.

Zer moduz duzu behatza? 
Ez dago nahi bezala. Plaka egin zidaten: behatz puntan haustura txiki bat egon litekeela esan dit medikuak. Ez da ezer larria, baina nahiko deserosoa da. Larunbatean partida polita neukan, eta medikuak esan dit hobe dela ez jokatzea. Beraz, orain ongi errekuperatu beharra dut, gero berriro topera aritzeko.

Txapel honek aurrekoek baino zapore bereziagoa al du? Goi-goian jarraitzen duzula erakutsi duzu?
Niri txapel guztiek ilusio handia egin didate. Denek dute bere esanahia eta denek dute lan asko atzean. Ez nuke esango txapel hau besteen gainetik dagoela. Guztiak dira bereziak.

Udako torneoak ate joka daude.
Orain beste aro bat hasten da, udako torneoena. Torneoetan disfrutatu nahi dut, ahalik eta maila onena emanez. Sanferminetakoa da nire torneo kuttunena. Oso berezia da. 

2024ko maila nagusiko buruz burukoan toki bat egin duzu. 
Ea zer moduz ateratzen den. Pixkanaka hobetzen saiatuko naiz, eta etorriko da etorri beharrekoa.