Udalbatzaren udaletxetik San Adrian ermitarako kalejirarekin hasiko da ekainaren 16an, ostiralean, San Adrian eguneko ospakizuna Etxarri Aranatzen. 11:00etan Fritada eginen dute eta 12:00etan izanen da zainduaren omenezko elizkizuna. Ondoren, dantza taldearen emanaldia izanen da, eta 15:00ak aldera bazkariak hasiko dira. Bazkaldu ostean txistulariek mahaiz mahai erronda egien dute eta 18:00etan kintoen Dantzakia izanen da. Aurten 29 kinto daude, San Kiriko, San Adrian eta Ama Birjinaren egunen artean dantzatzeko. 19:00etan erromeria errirantz abiatuko da eta arratsalde eta gau partean Trikidantz taldearen emanaldia izanen da.
San Adrian egunaren harira Etxarri Aranazko Udalak zenbait ohar helarazi ditu: festak berdintasunean ospatzeko deia egin du, "ez utzi erromeriaren prestaketa etxeko andreen esko. Denok inplikatu gaitezen!", eta eraso sexitarik ez direla onartuko jakiranazi du; bestetik alkoholaren kontsumo arduratsua egitea gomendatu du eta ardoa ez ezik mostoa ere banatuko du.
Festa basoan ospatzen dela kontuan hartuz, bazterrak garbi uzteko deia egin du udalak, baita hondakinak ongi sailkatzeko ere. Ahalik eta kotxe gutxien eramatea eskatu du; hortaz, kotxeak konpartitzeko, aparkatzeko orduan oinezkoei eta bete kotxeei pasatzeko tokia uzteko eta arratsaldean herrira joateko udalaren kamioiaren aurretik ateratzeko eskatu du. Suak konpartitzeko eta zuhaitz txikien ondoan surik ez egiteko deia zabaldu du ere Etxarri Aranazko Udalak.
San Adrian eguna
Ekainak 16 ostirala
09:00 Udalbatzaren kalejira, udaletxetik San Adrinera.
11:00 Fritada.
12:00 Elizkizuna.
13:00 Dantza taldearen emanaldia.
15:00 Bazkariak.
17:00 Txistularien erronda mahaiz mahai.
18:00 Kintoen dantzakia.
19:00 Kalejira herrira.
20:00-21:00 eta 22:00-02:00 Trikidantza taldea, plazan.