Hauteskunde literarioen sariak banatu dituzte

Guaixe 2023ko eka. 13a, 11:05

JUUL hauteskunde literarioen sari banaketa ekitaldian egon ziren idazle eta ilustratzaile saridunak. NIE

Etxarri Aranazko kultur etxean egin zuten Euskal Herriko ikastoletan egiten duten ikasleen idazle eta ilustratzaile gogokoenak aukeratzeko JUUL hauteskundeen sari banaketa, Nafarroa Oinezko antolatzaileak, Andra Mari ikastolak, antolatuta.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak haur eta gazteendako urtero antolatzen dituen hauteskunde literarioen idazle eta ilustratzaile bozkatuenei sariak banatzeko ekitaldia ospatu zen asteazkenean, ekainaren 7an, Etxarri Aranazko kultur etxean, Andra Mari Ikastolako ikasleen parte hartzearekin. JUUL sari banaketa ekitaldia Nafarroa Oinez antolatzen ari den ikastolarekin antolatzen du NIEk eta, beraz, aurten Andra Mari Ikastolarekin elkarlanean Etxarri Aranatzen antolatu zen.

Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastolak antolatzen du JUUL sari banaketa

2023ko martxoaren 30ean izan ziren JUUL hauteskunde literarioak Euskal Herriko ikastoletan, eta 14.444 ikaslek gustukoen duten liburua aukeratzeko eta 6.822 ikaslek ilustratzailea aukertzeko botoa eman zuten. "Benetan ikaragarriak diren zenbakiak". Izaskun Errazkin Beltza Andra Mari Ikastolako lehendakariordeak ekitaldian aipatu zuenez: "Irakurketa funtsezko oinarria da gure ikasleen hezkuntzan, eta irakurketaz gozatzeak aukera ematen du ideien, posiblearen eta ezinezkoaren, errealaren eta fikziozkoaren mundura leihoa zabaltzeko. Ilustrazioen bidez, irudimena elikatzen duen mezuaren zehaztapen plastikoa iristen zaigu". Irakurzaletasuna euskara eta euskal kulturaren transmisioa garrantzitsua dela gaineratu zuen Errazkinek, "euskaraz irakurriz gozatzen ari den umea gaitasun linguistikoa ere lantzen ari da, baita euskararekiko lotura afektiboa indartzen ere".

Saridunak
JUUL hauteskunde literarioak ikasleen ikasmailaren arabera egiten dira, eta zazpi kategorietan banatzen dira, 3 eta 6 urte bitartekoak, 6 eta 8 urte bitartekoak, 8 eta 10 urte bitartekoak, 10 eta 12 urte bitartekoak, 12 eta 16 urte bitartekoak eta 16 eta 18 urte bitartekoak. Besteak beste, liburu gogokoenen artean, kategoria bakoitzean lehen postuan dauden liburuak hauek dira: Ainara Azpiazu Axpiren Basoan barna, Garazi Kamioren Galdu dena, azaldu dadila!, Ibon Martinen Onin eta Arimen gaua, Nerea Loiolaren 7G udalekuak, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan eta Uxue Apaolazaren Bihurguneko Nasa dira. Kategoria bakoitzean hiru liburu daude, eta ilustratzaileen kasuan gustukoenak Emmanuel Montiel, Eider Eibar, Joseba Larratxe Josevisky, Ivan Landa eta Asier Iturralde Gaston dira. 

Sari banaketan Eider Eibar, Joseba Larratxe Josevisky, Ainara Azpiazu Axpi, Ivan Landa, Asier Iturralde Gaston, Iñigo Astiz, Jon Arretxe, Jasone Osoro, Garazi Kamio eta Nerea Loiola sarituak egon ziren. Antolakuntzatik aipatu dutenez, haien erantzuna "bikaina" izan da, eta oso eskertuta daude ekitaldian parte hartzeagatik. 

Sari banaketa ekitaldia Irene LopezGoñik aurkeztu zuen eta Izaskun Errazpin Beltzaren parte hartzea ez ezik, Elena Zabaleta Andresena NIEko lehendakariak eta Josu Reparaz Leitzak NIEko zuzendariak hitza hartu zuten ere. LopezGoñik azaldu zuzenez, ikastolen elkarteak 25 urte daramatza euskarazko haur eta gazte literatura sustatzen, "urtez urteko egitasmo honen zenbakiek aho bete hortz uzten gaituzte". Zabaletak ere JUUL kanpainaren 25 urteurrena nabarmendu zuen, "egitasmoaren helburu nagusia euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, eta horretan daramatzagu 25 urte ikastoletan pozik". 

Haurren liburuak ez direla "soilik" dibertitzeko aipatu zuen NIEko presidenteak, "heziketa, inspirazio eta balio garrantzitsuak irakasteko ere baliagarriak dira". Gazteen literaturari dagokionez, identitatearen eta pertsonalitatearen garapenean eragina izan dezaketela azaldu zuen, "baita haien inguruko mundua hobeto ulertzeko garaian ere". 

Reparazek sariaren inguruko informazioa eman zuen: "ohikoa den bezala ikastoletako ikasleen aldetik bozkatuen izan diren idazleei zein ilustratzaileei NIEk aitorpen berezia egiten die". Faustino Aizkorbe artista nafarrari JUUL saria egitea eskatu zion, eta saridunek jaso dutena da.