Eskolako patioa osasungarria egiteko, jolas berriak

Guaixe 2023ko eka. 21a, 10:29

Eskolan jarritako tibertar zubia. UTZITAKOA

Jolaserako elementu berriak jartzen hasi dira, ikasleak patioan daudenean jolastuz ariketa egin dezaten

San Donato eskola publikoko patioan aldaketak izan ziren maiatzean. Ikasleen gozagarri, jolas berriak jarri zituzten: tutu bat, tibetar zubia eta gurpilez egindako zirkuitua. Hiru horiei eskolako patioan jarriko diren beste bost jolas gehituko zaizkie: etxetxoa, harea tokia, oreka enborrak, oreka zintza eta tirolina. Beraz, patioak hainbat jolasez osatutako zirkuitu bat izanen du etorkizunean. 

Ikastetxe publikotik adierazi dutenez, jolas horiek jarriz "patioa osasungarriagoa lortu nahi dugu. Hau da, ikasleak patioan daudenean hainbat ariketa fisiko egitea bulkatu nahi dugu. Gorputza mugitzea eragiten duten ariketak osasunarendako onak direlako, eta, gainera, ikasleek ongi pasatzeko jolas ezberdinak izango dituztelako". 

Egitasmoa joan zen urteko maiatzean abiatu zuten. Eskolako kideek proiektua egin eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztu zuen. Haren oniritzia eta dirulaguntza jaso ondoren, San Donato ikastetxeko eskola komunitatea proiektua gauzatzeko lanean hasi zen. Finantzazioa guztiz lotzeko Guraso Elkarteak eta Etxarri Aranazko Udalak ekarpenak egin dituzte. 

Parte hartzea
Lotu beharrekoak lotuta, proiektua gauzatzeko garaia iritsi zen. Langintza horretan ere komunitatea partaide izan da. Jolas zirkuituaren diseinuan eskolako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek parte hartu zuten. "Lehenik eta behin ikasleei erakutsi zitzaien nolako patioa diseinatu behar zuten, ideia desberdinen irudiak pantailan erakutsi zitzaizkien". Abiapuntu horrekin ikasleek, taldeka, diseinua egin zuten. "Lehenik, paperean eta tabletetan zirriborroak egin zituzten eta ondoren maketa bat sortu zuten hainbat material erabiliz. Talde bakoitzak bere maketa aurkeztu zuen eta aurkezpen guztiekin bideo bat osatu zen".

Ikasleek egindako maketak eta bideoak obra batzordeko gurasoei erakutsi zizkieten, haiek baitziren parke osasungarrirako jolasak aukeratzeko ardura zutenak. "Aukeraketa ez zen batere erraza", azaldu dute eskolatik; "modu orekatuan egiten saiatu ziren proposamen bakoitzetik gutxienez jolas bat hartzeko. Jolas horiekin zirkuitu bat diseinatu zuten. Diseinu hau udalari erakutsi zitzaion haien iritzia jasotzeko eta laguntza eskatzeko". Baiezkoarekin egitasmoa gauzatzea besterik ez zen falta eta hori auzolanean egin zen. Hiru auzolanetan jarri zituzten hiru jolasak. Haietan 30 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten. Lanean segitzen dute, eskolatik gaztigatu dutenez, " helburua baita lanak uda iritsi baino lehen bukatzea". Oharra ere egin dute: "baliteke jolas bat edo beste gehiago jartzea irailean". Eskolakoak "oso pozik" daude orain arte egindako lanarekin eta jasotako laguntzarekin, horregatik, parte hartzaile guztiei esker ona adierazi diete.