Etxarri Aranazko Udal berria larunbatean osatu zen. EH Bilduko hamar zinegotzik eta UPNko batek osatzen dute udalbatza. Azken horrek, Juan Frommknecht Lizarragak, alkateari idatzia zuzendu dio bi eskaera eginez, udaleko bilkura aretoan “indarrean den legeari jarraituz, berehala jar ditzala Espainiako bandera eta erregearen argazkia”.
Bestetik, legeria jarraituz, etxarriarrak hartu ahal izateko udaletxean lokal bat eskatu du Frommknechtek. Adierazi duenez, “UPN Etxarri Aranatzen alde lan egitera etorri da, bai udal gaiak, bai hala nahi duten herritarrei arreta ematera, bai legedia betetzen dela zaintzera baita herriko elkarbizitza hobetzen saiatzera ere”. Diario de Noticiasek igandean Malkarramendi auzoko 3. eta 5. zenbakietako aldamen baten gutuna argitaratu zuen. Idatziak gaztigatu zuenez, inguruko kaleetako eta parkeko euri urak haien atarien parean bukatzen dute eta azpijana egiten ari dira eraikineko bajeren zoruan eta kezka du zimenduei eraginen ote dien. Hori irakurrita, Frommknechtek gai horren inguruko informazio guztia eskatu dio udalari.