Ekainaren 23an eta 24an Laida Aldaz artista etxarriarrak zuzendutako In Perspective performancea egin zuten Oteiza museoan, Jorge Oteizaren heriotzaren 20. urteurrenaren ekimenen barruan. Arkitektura, dantza eta musika uztartzen dituen ikuskizuna La Faktorea koreografia zentroko bosgarren belaunaldiko 25 dantzarik egin zuten, Juanma Urrizak musika sortu zuen eta Gregory Alliot zuzendari laguntzailea izan zen.
Duela urte pare bat Aldaz "metodologia bat" garatzen hasi zen non arkitektura eta dantza elkarlanean jartzen dituen. Site especific metodologiarekin hainbat ikuskizun egin ditu: Zinetika jaialdiaren barruan Iruñeko Kondestable jauregian, Donostiako Euskadiko Arkitektura Institutuan eta Bilboko Guggenheim museoan, Iruñeko Katedralaren patio gotikoan, eta Italiako Luccako museo batean hango dantza eskolako ikasleekin ere egin zuen. Performance hauetan dantzari profesionalek osatu zituzten taldeak, Aldazek azaldu duenez.
Egunerokotasunean erabiltzen diren espazioak eszenatokiak bihurtzea gustatzen zaio Aldazi: "Beti izan dut interesa ez eszeniko diren espazioak eszeniko bihurtzen, eta duela urte asko egon naiz antzokiak ez diren lekuetan lanean. Instalazioak espazio abandonatuetan egiten hasi nintzen, gero Delivery performance deitutako performancea egin nuen, non etxera pizza bat eraman beharrean performance bat eramaten nuen, eta horretan ni joaten nintzen dantza egitera edo instalazioa egitera". Bi film labur grabatu zituen bere etxean eta lagunen etxean ere. "Gutxika joan nintzen garatzen nola erlazionatzen garen gorputza eta espazioarekin, eta nola bihurtu dezakegun espazio bat eszenatoki. Baita nola begiratu beste ikuspuntu desberdinetatik ere".
Oteizako performancea In Perspective deitzen zen ikusleek ikuspuntu desberdinetatik begiratu behar dutelako. "Ikuslea aktiboa da, espazio guztian mugitzen den bitartean eszena desberdinak agertzen dira eta publikoa batzuetan eseri behar da, beste batzuetan estutu, besteetan leihotik kanpora begira...". Publikoaren atentzioa ezinbestekoa da, baita laguntza ere.
"Ikuskizun bakoitza bakarra da, eta ez da forma horrekin inon gehiago ikusiko". Metodologia honekin egiten dituzten performanceak arkitekturarekin erlazionatuta daude. Espazioaren arabera aldatzen dira. Ikuskizun hauek prestatzeko, beraz, estudioan "material fisikoa" ateratzen dute eta landu behar dituzten espazioetara eramatean tokira transformatzen dute, "e z dauka zentzurik estudioan egiten duguna; material fisikoa espaziotik bertatik egiten dugu. Nola erlazionatzen zaren zure gorputzarekin leiho horrekin eta zer den espazio horri eskaintzen diozuna eta zer den espazio horrek zuri eskaintzen dizuna".
Artista etxarriarra Zinetika dantza eta ikusentzunezkoak uztartzen dituen jaialdiaren eta La Faktoriako zuzendaria da, Marta Coronadorekin batera, eta abuztuan Baluarten instalazio bat erakutsiko du, Huarte Arte Garaikide Zentroak sustatutako dirulaguntza baten bidez. "Tamaina handiko liburu bat da, eta horren gainean tabletak daude".
"Sortzen ari naizenean ez ditut mugarik jartzen; ez dakit zein izango den emaitza"
"Nire ustez konposizioa dago arkitekturan, musikan, dantza, arte plastikoetan... Ez dut bereizten". Proiektu bat sortzen ari denean ez du pentsatzen azkeneko emaitza zer forma izango duen. "Ez ditut mugarik jartzen, ikusten dut hori aurkezteko eta ikertzeko zein den modurik egokiena: bideo bat, instalazioa, ikuskizuna...". Gorputza proiektu guztietan presente dago.