Carasatorreren liburu berria salgai

Guaixe 2023ko uzt. 12a, 09:02

Rafael Carasatorre Vidaurre ikerlariaren liburu erakusketa Etxarri Aranatzen ikusgai izan zen.

Ikerlari etxarriarrak 'Cuentos, casas y padrones' liburua argitaratu du. Izenburuak agerian uzten duenez, hiru atal ditu liburuak: 30 bat ipuin, Irañeta eta Etxarri Aranatz arteko herrietako etxeen izenak eta Etxarriko 1880, 1920 eta 1935eko erroldak .

Rafael Carasatorre Vidaurre ikerlari etxarriarrak liburua argitaratu zuen maiatzean: Cuentos, casas y padrones (egilearen edizioa). Izenburuak berak adierazten du idazlanak zein hiru atal dituen. Egileak argitu duenez, "liburuak, alde batetik, irudimenaren edo entretenigarria den atala du; bestetik, ikerketarena; eta, azkenik, ekarpen soziala egiten duena eta erabilgarria dena".

Ez da aurreneko aldia Carasatorrek ipuingintza lantzen duena. Aspaldi Cuentos Verdaderos de Etxarri Aranatz (egilearen edizioa) argitaratu zuen. Argitalpen berrian genero horri heldu dio atzera ere etxarriarrak. "Baina orduko hartan dozena bat ipuin bazeuden, oraingo honetan hamabi ipuin haiek zuzenduta eta beste batzuk gehitu ditut. Guztira, hogeita hamar daude", zehaztu du etxarriarrak. Carasatorrek azaldu duenez, "ipuinen helburua entretenitzea da. Irakurlea jabetu dadila nola bizi ziren garai batean hemen. Horregatik, daude garaiari buruzko aipamenenak. Ipuinek bizitzaren hainbat aspektu islatzen dituzte, zein pentsamolde zuten bertakoek". Etxarriarrak gaineratu duenez, "literatura asmoak baztertu ditut, eta era klasikoan idatzi ditut ipuinak, bizitza lezio bat, irakaspen bat jasotzen dute". 

Liburuko lehen atalaren irakurketari ekiten dionak opatuko ditu, besteak beste, mitologia pertsonaiei lotutako ipuinak, jan-edanen ingurukoak, gerraren edo mandazainen ibileren oihartzuna dutenak, altxorrak, apaizak eta bestelako pertsonaiak dituzten ipuinak.  

Lehen atal horren aurretik bere iloba baten alabak egindako marrazki batzuk daude. "Zortzi urte ere ez zituen egin zituenean. Nik berari ipuinak irakurri eta ondoren entzundakoaren inguruan marraztu zituen marrazki horiek". Ipuinen artean, tarteka, iruditxo batzuk ere ageri dira batean eta bestean sakabanatuta. Garai batean hausterre egunetik Trinitate egunera apaizek banatzen zituzten txartelak dira, eta haren jabeak erlijio bete beharrak eginak zituela bermatzen zuten. 


Rafael Carasatorre Vidaurre, eskuinetik hirugarrena. ARTXIBOA

Etxe izenak 
Argitalpenaren bigarren zatian Carasatorrek Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Unanu, Dorrao, Lizarraga, Lizarragabengoa eta Etxarri Aranazko etxeen izenak jaso ditu ere. Atal horren inguruan egileak adierazi duenez, "izen guztiek bere diakronia, beren bilakaera historikoa, dute. Ez badakigu izenaren esanahia zein den, zarata bat besterik ez dugu. Eta esanahia ez badakigu artxiboan opatu behar da. Esaterako, Arbizuko Libikontxa Liberalikoren etxea da. Edo, herri berean, Ixelania Isabelenekoa". 

Egileak aitortu du zaila dela etxe batzuen izenaren esanahia zein den jakitea. Baina etxe izenen osaketan abizenen osaerako antzeko elementuak daudela irakur daiteke liburuan: espazioaren ezaugarriak, istripuak edo suteak, etxekoen lanbidea, jatorria, burutazioa, tradizioak eta izen txikiak edo horien eta bestelako elementuen batura. "Bestetik, lehen Santa Marina ermitara herri askotatik joaten zen jendea. Edo Lakuntzako Aldabara Aranazko Elkartekoak ere joaten ziren. Horiek galtzean, hizkuntza komunikazioa galtzen da eta kontrakzioak hasten dira", azaldu du. 

Azkeneko atalak, berriz, Etxarri Aranazko 1880, 1920 eta 1935 urteetako errolda jasotzen du. Haietan herrian bizi ziren etxarriar guztien berri ematen du izen-abizenekin. Gainera, haien jaiotze data, jatorria, ezkonduta edo ezkongabe zegoen lanbidea, herrian bizitzen zeraman denbora eta bizilaguna zen edo ez. 

Kezkak
Etxarriarraren iritziz, "ekonomia eta kultur arloko krisia ere gurera iritsi da". Horregatik, "zaila" ikusten du ipuin gehiago argitaratzea. "Lehen 250 ale ateratzen nituen eta goiz batean saltzen ziren. Gaur egun, ez. Aldaketa dago". Ipuinak argitaratuz, "irakurketa berraktibatu" nahi izan du, "irakurketarik gabe kulturarik ez baitago. Eta kulturarik gabe ezin da aurrera egin. Sustatu beharra dago besteak kulturaz jabetzea. Irakurketaren ahaleginik gabe ez dago ezer". Gazteekin kezka duelako, liburua haiei zuzenduta dagoela azaldu du. "Ezer irakurtzen ez badute galdu egiten dute. Maneiagarriak bihurtzen gara", gaineratu du. 

Carasatorrek aitortu duenez, "nire benetako kultur ekarpena Textos Históricos Navarros (https://labur.eus/FI51L) blogaren bidez egiten dut. 1.500 gai daude, 2.000 lan. Haietako batzuk oso luzeak. Egunero 1.500 bisita izaten ditu, eta 5.000 bisitako egunak izan ditu ere. Bai, jendeak halako blogak begiratzen ditu. Eta eskertuko nuke zerbait zuzendu beharko balitz, jakinaraztea". 

Berredizioak 
Aipatutako liburua argitaratzearekin batera, Carasatorrek Etxarri Aranatz 1900-1940 liburua berrargitaratu du. "Agortua zegoen, eta jendeak eskatzen zuen", azaldu du. Liburu horretan herrian lau hamarkada horietan pasatakoaren berri zehatza eman zuen ikerlariak. "Udalaren diru sarreren eta irteeren berri labur emana dago. Lan hori ere egina dut, baina beste ehun bat orrialde lirateke eta, berez lodia den liburua, ez litzateke erabil erraza izanen". 

Maiatza akabera eta garagarrilaren hasierako igandeetan bere lagun batzuek liburuak Etxarri Aranazko plazan salgai jarri eta gero, aipatutako bi liburuak Etxarri Aranazko Kaxeta eta Altsasuko Arkatz liburu dendetan salgai daude. Bestela,  689 913 911 telefonora hots eginez edo Whatsapp mezua bidaliz egin daiteke eskaera (Ramon). Berrargitalpena 35 eurotan eskuratu daiteke; eta argitalpen berria, 15 eurotan. Egileak aitortu duenez, "dirulaguntzarik ez dut izan; izan banu liburuak merkeago lirateke. Diru ahalegin handia egin du lanok argitaratzeko. Zaila izanen da jarritakoa berreskuratzea. Kultur ekarpena dira". 

Azkenik, etxarriarrak jakinarazi duenez, "Barranca-Burunda (1993, egilearen edizioa) liburuaren berrargitalpena prestatzen ari naiz orain, urte akaberarako argitaratuko dut. Eduki bikoitza izanen du. Asmoa da parte grafikoa ateratzea eta haurrendako 200 kromoko bilduma bat gehigarri izatea". Liburu hori Sakana ulertzeko ezinbesteko erreferentzia da. 


Bibliografia

  • Cuentos, casas y padrones (2023, egilearen edizioa).
  • Nuestro latín en expresiones y frases. (2018, Fundacion Navarra Cultural).
  • Etxarri-Aranatz 1900-1940 (2009, egilearen edizioa) (2023an berredizioa).
  • Constitución o Fueros (2008, Fundacion Navarra Cultural).
  • Navarra Tridentina (2007, Fundacion Navarra Cultural).
  • Carrascón (2005, Fundacion Navarra Cultural).
  • Glosario Navarro desde una perspectiva histórica de Cintruénigo (2004, Fundacion Navarra Cultural).
  • Cuentos Verdaderos de Etxarri Aranatz (egilearen edizioa).
  • 1000 páginas de Latín: Expresiones, Frases. Siglas, Abreviaturas, Numerales y más (egilearen edizioa).
  • Glosario Navarro (egilearen edizioa).
  • Barranca-Burunda (1993, egilearen edizioa).

Elkarlanean egindako lanak

  • Etxarri Aranazko euskara eta Arañaz elkarteko hiztegia (1995, Altaffaylla); Jose Luis Erdoziarekin eta Eugenio Ulaiarrekin.
  • Burunda, topaleku (1993, Iñigo Aritza ikastola); Angel Perez Miguelekin.