Aizkora

Beroak ez zuen Aitor Oiarbide lagundu

Guaixe 2023ko uzt. 14a, 11:34

Aitor Oiarbidek txapela eskutan izan zuen, baina beroarengatik ezin izan zuen proba bukatu. IÑAKI PORTO

Nafarroako Harri Jasotze Txapelketan bigarren sailkatu zen etxarriarra, Sakanako Harri Jasotze eskolan taldekide duen Oskar Aguasen atzetik

Uztailaren 13an, osteguna, Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa jokatu zen. Lau harri jasotzaile lehiatu ziren: Josetxo Urrutia, Albaro Zugarrondo, Oskar Aguas eta Aitor Oiarbide etxarriarra. 125 kiloko zilindrikoarekin, 112,5 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin bina minutuko saioak egin behar izan zituzten. 

Hiru harriekin egindako lana batuaz, irabazlea Oskar Aguas berriozardarra izan zen, lan bikaina eginda. Aguas Sakanako Harri Jasotze Eskolan trebatzen da, Mikel Lasarte irakaslearekin, eta Aitor Oiarbide du entrenamendu lagun. Aguasek uztailaren 9an gurdi txapelketa irabaztetik zetorren, eta Aitor Oiarbiderekin lehia itzela izango zuela aurreikusten zen, gertatu zen bezala. Harri jasotzaile etxarriarrak bikain prestatu zuen txapelketa, eta oso gogotsu zegoen. 

Hasieran paretsu ibili ziren Aguas eta Oiarbide. Zilindrikoari 18 altxaldi egin zizkioten bai Aguasek eta baita Oiarbidek ere, baina kubikoan aurrea hartu zuen etxarriarrak, 12 altxaldi egin baitzizkion, Aguasek 10 egin zituen bitartean. Beraz, bolak erabaki zuen txapelduna. Aguasek 16 altxaldi egin zizkion bolari, eta Oiarbidek ezin izan zituen 2 minutuak osatu, beroarengatik. 

Horrela, Oskar Aguasek jantzi zuen Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa, 44 altxaldirekin, eta Oiarbide bigarren izan zen, 41 altxaldirekin. Albaro Zugarrondok eta Josetxo Urrutiak 34na altxaldi egin zituzten. 

“Pozik nago txapela lortu dudalako, baina aldi berean triste, Aitor Oiarbiderengatik. Taldekidea da, familia, eta saioa ezin bukatu izana ikusteak tristetu nau. Berarekin entrenatzen dut, lagun ona da eta urte honetan txapela merezi zuen” azaldu zuen Aguasek.