Futbola eta paleta goma gutxi ez balitz bezala, orain hondartza futbolean hasi da Irati Igoa Sesma etxarriarra. Nafarroako hondartza futbol selekzioarekin uztailaren 24tik 27ra Melillan jokatzen ari den Espainiako hondartza futbola txapelketan lehiatzen ari da.
Mulier taldeko futbolaria zarenez, federaziotik iritsi al zitzaizun Nafarroako hondartza futbola selekzioan hasteko aukera?
Bai. Orain dela bi urte mutilak Espainiako hondartza futboleko txapelketan parte hartzen hasi ziren. Denboraldi bukaeran, ekain aldera zirkular bat bidali ziguten Nafarroako emakumezkoen futbol taldeei nahi zuenak hondartza futbolean izena eman ahal zuela esateko. Mulierretik zenbait animatu ginen. Lehenengo bilerara izena eman genuen guztiak deitu gintuzten. Gerora, deialdiak egiten hasi ziren; eta azkenean egungo taldea hautatu gaituzte.
Mulier taldean urte batzuk badaramatzazu.
Sei denboraldi egin ditut, eta aurki zazpigarrenari ekingo diogu. Gure mailari izena aldatu diote, eta orain gurea 3. federazio maila da, laugarren maila balitz bezala. Orain arte Euskadiko taldeekin eta Errioxakoekin lehiatzen ginen; aurten Kantabriako bi taldeekin ere jokatu genuen; eta datorren denboraldian Valladolidera, Salamancara eta Kantabriako beste zenbait txokotara ere joango gara. Hiru sakandar izango gara taldean: Maider Granizo atezain altsasuarra; berriki fitxatu duten Eider Vicente bakaikuarra;eta hirurok.
Zer moduz Nafarroako hondartza futbol selekzioko entrenamenduak?
Ekain hasieran hasi ginen entrenatzen, Iruñeko Ezkabarte kiroldegian prestatu ziren hareazko hiru futbol zelai txikitan.
Futbolarekin alderatuta, zer da zailena hondartza futbolean?
Harean jokatzera moldatzea. Hondartza futbolean hiru denbora jokatzen dira, bakoitza 12 minutukoa. “Futbolean 45 minutu jokatzen ditugunez, nahiko ongi” pentsatu genuen hasieran, baina entrenatzen hasi ginen lehenengo astean lehertuta bukatu genuen: nahi zuen tokira joaten zen baloia, harean laster egitean askoz ere gehiago nekatzen ginen... Baina gutxika hobetu dugu, eta nahiko ongi moldatzen gara orain.
"Hasieran nahi zuen tokira joaten zen baloia eta harean korrika izugarri nekatzen ginen"
Ezberdina al da baloia?
Tamaina berekoa da, 5 neurrikoa, baina bigunagoa da. Harean ez du botea berdin egiten. Hondartza futbolean tokeak egin behar dira, txilenak, eta ahalik eta tiro gehien egin.
Zein postutan jokatzen duzu?
Futbolean berez aurrelaria naiz, baina aurreko denboraldian erdilari postuan eta hegalean ere jokatu nuen. Edozein tokitan moldatzen naiz. Hondartza futbolean lau jokalari daude: pibote bat, bi hegal eta atzekoa. Orain arte defentsa gisa jokatu izan dut, eta gustura.
Nafarroako emakumezkoen hondartza futbol selekzioa talde berria da. Zein dira helburuak?
Lehenik eta behin, esperientzia berri honetaz gozatzea eta ahalik eta lehiakorrenak izatea; eta, luzera begira, taldeak esperientzia hartzea eta taldea sendotzea. Talde nahiko polita gara. Espainiako Txapelketan hasieran multzoen ligaxka jokatuko da, eta hor bi partida ditugu jokatzeko. Nahiko genuke aurrera egitea eta gutxienez hiru partida jokatzea. Ea posiblea den.
Zein dira estatuko hondartza futbol talde onenak?
Uztailaren hirugarren asteburuan hondartza futboleko lehen mailako eta bigarren mailako txapelketak jokatu ziren eta Melillak irabazi zituen. Espainiako selekzioan Melilla, Murtzia eta Valentziako jokalari asko egoten dira.
Noren kontra jokatuko duzue Espainiako hondartza futbol txapelketako hasierako ligaxkan?
Balear Uharteetako selekzioaren eta Murtziako selekzioaren kontra. Murtziakoak ematen digu beldur handien. Beraiek dira faborito, baina guk presio gabe jokatuko dugunez... edozer gerta daiteke. Txapelketa uztailaren 24tik 27ra jokatuko da, eta uztailaren 22an hartu genuen Melillako bidea. Melillan beroa izugarria da.
Hareak oinak erreko dizkizue. Nola egingo diozue aurre?
Ikusi dugu jokalari batzuek hankak bendatzen dituztela, beroari aurre egin eta hanketan babak ez ateratzeko, baina ezin da ez orkatila guztia ez hanka guztia bendatu, hori ez dago baimenduta. Ikusiko dugu.
Zein sentsazio duzu?
Oso animatuta nago. Esperientzia berria da, eta oso gogotsu goaz. Ez dakit gure buruarengan konfiantza gehiegi ote dugun, baina Youtuben ikusi ditugun partidak aztertuta, uste dugu zerbait egin dezakegula... Sorpresa emateko prest gaude.
Futbolari izateaz gain, palista handia zara. Zer moduz joan da 2022/2023 denboraldia?
Oso ongi. Txapelketa garrantzitsu guztietan finalera sailkatu naiz, baina ez dut txapelik jantzi, eta pena hori dut. Nafarroako trinkete eta pala txapeldunordea naiz, Euskal Herriko trinkete eta pala txapeldunordea, GRABNI txapelketako pala txapeldunordea, eta Nafarroako selekzioarekin Espainiako Paleta Goma txapeldunordea, duela bi aste Guadalajaran jokatutako finalean. Emakume Master Cupeko Nafarroako Torneoko txapeldunordea ere bai, ekainean Lizarran jokatu genuen finalean, eta besteren bat ahaztuko zait. Baina kontentu.
"Presioriz gabe joan gara Melillara. Esperientziaz gozatu nahi dugu, lehiakorrak izan, eta taldea sendotzea"
Nola egiten duzu Mulierrekin astebururo futbol liga jokatzeko, frontoietako pala txapelketetan lehiatzeko, haurren mailako Mulier taldea entrenatzeko eta ikasketak aurrera eramateko?
Ahal dudana! (kar, kar). Gasteizen kirol gradua ikasten dut, eta horri entrenamendu guztiak gehitu behar dizkiot. Topera nabil, egia esan. Antolakuntzarekin eta guztia ongi planifikatuta, ez dakit nola, baina iristen naiz. Aitortu beharra dut aurten pala nabarmen gutxiago entrenatu dudala, eta agian horregatik txapela lortzeko puntu hori falta izan zait. Baliteke. Pala da betidanik jokatu izan dudan kirola, baina 30 metroko eta trinketeko modalitateek beste zailtasun bat dute, distantziara eta tokira egokitzeko gehiago entrenatu beharra dago, ordu gehiago sartu. Beraz, denboraldian egindakoarekin kontentu nago.
Eta udan, Lakuntzako igerilekuetako sorosleetako bat zara.
Joan zen urtean Urdiaingo igerilekuetan egon nintzen; eta, aurten, Lakuntzan. Igeriketa klaseak ere ematen ditut. Kontentu.
Mulierren berehala hasiko zarete lanean.
Bai, Melillatik bueltan hasiko gara entrenatzen. Aurre denboraldiko partida dezente ditugu, eta sorosle lanarekin uztartu beharra. Lau sorosle gaudenez eta harreman ona dudanez, guztia ongi uztartzen saiatuko naiz. Ziurrenik, entrenamendu guztietara ezingo naiz joan, baina ahaleginduko naiz.
Gorka Pascua altsasuarrak emakumezkoen Osasuna taldea entrenatzeko ardura hartu du. Emakumezkoen futbola sustatzeko asko egin du Gorkak, Altsasuko emakumezkoen futbol taldea sortzea, besteak beste. Gorenera iritsi da.
Altsasun izan nuen entrenatzaile eta izugarri poztu nintzen berarengatik; mezua bidali nion zoriontzeko. Esperientzia berria izango dela eta gogotsu zegoela erantzun zidan. Bera animatzera joango gara, jakina!