Etxarri Aranazko festen egitarauan sei irudi ageri dira: herriko armarria, Sakanako Mankomunitatearen eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen logotipoak, Etxera dioen eta bi geziz lagundutako Sarek zabaldutako irudia, festetan LGTBI+ kolektiboa errespetatzearen aldeko ikonoa eta Mank-eko Berdintasun Zerbitzuaren Jarain kanpainako ikurrak, sexu erasorik gabeko festen alde egiten duen esku morea.
UPNko zinegotzi Juan Frommknecht Lizarragak jakinarazi duenez, helegitea aurkeztu du bi arrazoirengatik: “festen egitarauan Etxerat kolektiboaren logoa edo leloa sartu izanagatik, ETAko presoak etxeratzea eta hurbiltzea aldarrikatzen duena. Gainera, Sare kolektiboak Etxera lelopean antolatutako manifestazio bat egitarauan sartu izanagatik”. Frommknechtek nabarmendu duenez, festetako programa ofizialean bi horiek sartzeak “Espainiako Konstituzioaren 103. artikuluan jasotako neutraltasun politikoaren printzipioa argi eta garbi urratzen du, elementu instituzionalen erabilera alderdikoia eta terrorismoaren biktimekiko mespretxua dakarte”.
Frommknechtek dioenez, "ikuspuntu etikotik ulertezina da programa instituzional batean Euskal Herriko edo Nafarroako kartzeletan dauden pertsona batzuk hurbiltzea eskatzea, espetxean sartzeko arrazoia hamarkada erdi baino gehiagoz indarkeria-ekintza basatienak egin dituen talde terrorista bateko kide izatea izan dela ahaztuta". Ziurtatu duenez, “etxarriar guztiak ez dira identifikatuta sentitzen ez programatutako ekintzekin, ez aipatutako leloa programan sartzearekin".
Zinegotzi erregionalistaren ustez, "EH Bildu oso libre da nahi dituen ikurrak eta banderak bere egoitzetan edo lokal pribatuetan jartzeko, eta egoki deritzon manifestazioetara joateko, baina ezin ditu bitarteko publikoak erabili, hala nola udal programa eta webgunea erakusteko". Azkenik, "herriko festen politizazioa jatorritik bertatik" kritikatu du, eta iragarri du, "indarkeria terrorista jasan duten pertsona guztiei zor zaien errespetuagatik, ez duela festetako ezein ekitalditan parte hartuko programak Etxerat-en ikurra daraman bitartean edo programak terroristen aldeko ekintzak dituen bitartean".