Jon Etxabe zendu da

Guaixe 2023ko abu. 1a, 10:33
Jon Etxabe, 2009an Etxarri Aranatzen. ARTXIBOA

Burgosko epaiketan zigortua, urte luzez bizi izan zen Etxarri Aranatzen eta presoen eskubideen alde borrokatu zuen.

Jon Etxabe Garitazelaia (Elgoibar, 1933-2023) apaiz ohi eta ETAko kide izandakoa, atzo, uztailaren 31n zendu zen. Burgosko prozesuan epaituta, zazpi urte egin zituen preso, apaizendako Zamoran zegoen espetxean. Han bizitakoak 2014an idatzitako Zamorako landan liburuan jaso zituen. 1976an atera zen aske, amnistiarekin, eta apaizgoa utzi zuen. Eskola publikoan euskara irakasle aritu zen, eta literaturan murgildu zen. Bere militantzia politikoa Zutik-en jarraitu zuen. Bestalde, euskal presoen eskubideen alde borroka luzea egin zuen. 

Hemeretzi urtez Etxarri Aranatzen bizi izan zen emaztearekin, "egunero Beriain ikusteko". Etxerat-en hamaika kolaborazio idatzi zituen, tartean GUAIXErako. BELEIXE irratian ere kolaboratzaile izan zen urte luzez. Adinak aurrera egin zuenean jaioterrira bueltatu zen, Elgoibarrera.