Celeste Goncalves da Silva Oportotik gertu jaio zen, Espinhon, baina 11 urterekin familiarekin Caracasera (Venezuela) joan zen bizitzera. “Kolonia portugaldar sendoa dago bertan”. 18 urte zituela, Carlos Coelho ezagutu zuen, 23 urteko gaztea. Bera ere Oporto ingurukoa zen, familiarekin Venezuelara joana. “Maitemindu ginen, ezkondu, eta han jaio ziren gure semea eta alaba. Senarrak tapiztegia zuen. Altzariak tapizatu, eta denetatik saltzen zuen: gortinak, alfonbrak eta dekorazio elementuak. Nik etxean lan egiten nuen, joskintzan”.
Urrian bost urte beteko dira bikotea Etxarri Aranatzera etorri zela, “Venezuelan dagoen egoerarengatik”. Lehendabizi semearen emaztea etorri zen. “Seme-alabekin zegoela, pistoladunak gerturatu zitzaizkion autora, bera eraman nahian. Nork daki zertarako. Zorionez, auto gehiago gerturatu ziren eta pistoladunek ihes egin zuten. Etxarri Aranatzen lehengusina bat zuen, eta hark etxea eskaini zion. Ez zuen bitan pentsatu eta hona etorri zen, seme-alabekin”. Semeak toldoen fabrika zuen Venezuelan. “Negozioa itxi, eta Etxarrira etorri zen baita ere, duela sei urte inguru”. Alabak ere Venezuela utzi zuen. “Bere senarrarekin eta euren familiarekin Madrilera joan zen”. Beraiek bakarrik geratu ziren Venezuelan. “Semeak Etxarri Aranazko jubilatuen tabernaren ardura hartu zuen. Venezuelako egoeraren aurrean, etortzeko eta etortzeko. Azkenean, kasu egin genion”.
Bi adindu zaintzen hasi zen Celeste. “Emaztea nahiko mesfidatia zen; gaizki pasatu nuen”. Bitartean, Iratxo taberna lekualdatzen zela jakin zuten. “Diru nahikotxo zen, baina guztion artean genuena bildu, eta semeak taberna hartu zuen. Jubilatuen juntaren baiezkoarekin, nire senarrak jubilatuen ardura hartu zuen, eta nik laguntzen diot”.
Celestek kozinatzea “oso gustuko” du. “Venezuelan Portugalgo etxeko bazkideak ginen, eta askotan deitzen zidaten kozinatzeko. Beti esaten nuen jatetxe txiki eta polit bat izan gabe ez nuela hil nahi. Alabak esaten dit nire ametsa gauzatu dudala, jubilatuetan kozinatzen dudalako” dio Celestek, irribarrez.
Famatuak dira bere bakailaoa labean eta itsaski arroza. “Hasieran, jendeari kosta egiten zitzaion gauza ezberdinak probatzea. Horregatik, juntakideak behin afaltzera gonbidatu nituen. Bakailaoa labean prestatu nuen, portugaldar erara. Arrakasta handia izan zuen. Hurrengo batean, itsaski arroza egin nien. Ordutik, enkargu asko izaten ditut” pozten da Celeste.
Etxarriarren harrerarekin “oso eskertuta” daude. “Sarritan esaten digute gu oso maitekorrak garela, zalameroak, eta, aldiz, hemengo jendea itxia dela. Ni ez nago ados. Guk ematen badugu, asko jasotzen dugulako da. Hemengo jendea bihotz oso onekoa da. Zerotik hasi ginen, eta primeran hartu gintuzten. Adibidez, gu hirugarren pisu baten bizi ginen, igogailurik gabe, eta eskaileratan gaizki ibiltzen nintzen. Jubilatuen gainean bizi zen emakume batekin harreman handia genuen. Zendu zen, eta bere semeak amaren etxea alokairuan utzi zigun, amarekin genuen harreman onarengatik. Jende oso ona dago Etxarrin”.
Lasaia eta polita
Caracas bezalako hiri erraldoi baten aldean, Etxarriren lasaitasuna izugarri baloratzen du. “Hemen norbaitek zerbait galtzen badu, gorde eta jabea topatzen dugu. Caracasen hori pentsaezina da”. Herria oso polita iruditzen zaio. “Heidiren herrian bizi garela esaten diet senitartekoei”. Paisaia, mendiak, kaleak... dena du gustuko. Baina Zugarreta kaleko Andremaie ermita da bere txoko kuttuna, “guztiz maitemindu nauena. Hasieran, ermitatik gertu bizi ginen, eta asko joaten nintzen bertara. Han eseri, eta nire gauzetan pentsatzen nuen. Vitorik, ermita garbitzen duenak, ermita goitik behera erakutsi zidan. Detaile polita izan zuen”.
Etxarri Aranatzen “zoriontsu” dira. Festetan mugimendu handia izan dute, “baina halakoak aprobetxatu behar dira. Negozio honek bizitzeko ematen du, ez aurrezteko; baina aurrera egiten dugu eta hori da garrantzitsuena”.