Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak atzera bota zuen astelehenean, hilaren 4an, Etxarri Aranazko Inutilaren eguna gaitzesteko Nafarroako Parlamentuak egindako adierazpen instituzionalaren proposamena.
PPNk aurkeztua eta UPNk eta PSNk babestua. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta gainerakoek ez dute bozkatu behar izan, baina Geroa Baiko eta Contigo Zurekin koalizioko bozeramaileek azaldu dutenez, abstenitzeko asmoa zuten, proposamenak "beste interes batzuk" zituelako.
Proposamena
PPk aurkeztutako idatzian jasotzen zen Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten zituela ekintza horiek, Guardia Zibila eta Estatuko beste kidego eta erakunde batzuk umiliatzen eta erasotzen dituztelako. Bigarren puntuan, PPk proposatu zuen Foru Ganberak "Inutilaren Egunaren ospakizunarekin behin betiko bukatzea eta herriko festak politizatzeari uztea" exijitzea.
Gainerako bi puntuek "Guardia Zibilaren erakundeari eta Foru Erkidegoan lan egiten duten Segurtasun Indar eta Kidego guztiei babesa" ematen zieten, eta "Guardia Zibilak gure erkidegoan egiten duen lan handia eskertzen zuten, baita Segurtasun Indar eta Kidego guztiena ere".