Udalak garbitzaile lanpostua betetzeko deialdia egin du

Guaixe 2023ko ira. 18a, 11:51

Etxarri Aranazko etxe handia. ARTXIBOA

Oposizio lehiaketa eginen du, izangaien zerrenda osatzeko.   

Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi duenez, oposizio-lehiaketa sistemako hautaproben bidez izangaien zerrenda bat sortu nahi du. Horren helburua da garbitzaileen lanpostua betetzea aldi baterako kontratuarekin. Deialdian aurkeztu nahi duten guztiek, parte hartzea eskatzeko, eskabide bat zuzendu beharko diote Etxarri Aranazko Udalari. Horretarako, lastailaren 5era arteko epea dute. 

Deialdiak Etxarri Aranazko Udalak zehaztu duenez, enplegu poltsan sartuko dira hautapen prozesua gainditzen dutenak, edo, gutxienez, probetako bat gainditzen dutenak, eta zorrozki ordenatuko da puntuazio ordenaren arabera. Sortuko den zerrenda horrek 5 urteko indarraldia izanen du, edo beste deialdi bat onetsi arte.

Lanpostuak D mailari dagokion soldata izanen du, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuari. Horri udaleko plantilla organikoan ezarritako osagarriak gehituko zaizko.Lanaldia aldatuko da zerbitzuaren beharren arabera, eta lanaldia osoa nahiz partziala izan daiteke. Etxarri Aranazko Udalak nahi bezala erabakiko du lan-ordutegia, ematen den zerbitzua egokien gauzatzeko. Lanpostuak euskarazko nahitaezko hizkuntza eskakizun hau du: ahozko B2 maila eta idatzizko A2 maila.