Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Iglesiasek harrera egin zion Legebiltzarraren egoitzan Nafarroa Oinez 2023ren ordezkaritza bati ostiralean. Nafarroa Oinez ordezkatuz laukote bat joan zen Nafarroako Parlamentura: Elena Zabaleta, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria; Josu Reparaz, erakunde horretako zuzendaria eta Izaskun Errazkin eta Iñigo Orella, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako lehendakaria eta zuzendaria hurrenez hurren.
Nafarroa Oinezeko ordezkariek Hualderi azaldu zioten Etxarri Aranazko Andra Mari ikastola 1969an sortu zela, eta aurten, bere 54. urteurrenarekin bat, berea duela Nafarroako ikastolen festa antolatzeko zeregina. Azaldu ziotenez, jada burutzear dauzkate euskararen aldeko festak urtero erakartzen dituen milaka bisitariei abegi egiteko prestalanak. Gainera, parlamentuko presidenteari azken hilabeteotan egin duten lanaren berri eman zioten.
Hualdek nabarmendu egin zuen Andra Mari ikastolak, beste eragile sozial batzuekin batera, Etxarri Aranatzen eta Sakana osoan euskararen prezatzearen alde bost hamarkada hauetan zehar egin duen ekarpen erabakigarria. "Gaur egun ere, sortua izan zenetik mende erdi baino gehiago igaroa denean, beharrezko izaten dirau bide-erakusle hauek goraipatzeak lingua navarrorum dugun honen normalizazioranzko errebindikazio-jardunean".