Etxarriarra Udalbiltzako Batzorde Eragilean

Guaixe 2023ko ira. 27a, 12:17

Udalbiltzako Batzorde Eragile berria. Iban Verdugo etxarriarra erdian. UDALBILTZA

Iban Verdugo Markotegi zinegotzia dago. Erakundeak jakinarazi du gogoeta fase batean sartuko dela, eta aldaketak datozela.

Udalbiltzak ezohiko Kontseilu Nagusia egin zuen Usurbilen hilaren 22an, ostiralarekin. Bilkurak ordezkarien aldaketarako balio izan zuen, eta 2023-2027 agintaldirako Batzorde Eragilea izendatu zen. Jabi Asurmendi Sainz lehendakari ohiak lekukoa Haritz Alberdi Arrillagari eman zion. Udalbiltzako lehendakari berria Getariako alkatea da. Esan zuenez, ilusioz hartu du kargua. Gainera, zazpi kidez osatutako Batzorde Eragile berria ere aurkeztu zuten. Kide horietako bat Iban Verdugo Markotegi Etxarri Aranatzeko zinegotzia da. 

Usurbilen orain arteko ibilbidearen errepasoa egin ondoren, Udalbiltzako kideek adierazi zuten gogoeta fase batean sartuko direla, “aro berri bati ekiteko intentzioarekin. Partzuergokideekin batera zehaztuko ditugu Udalbiltzaren funtzioak, gaur egungo beharrei egokitzeko asmoz. Heldu den urtearen hasieran izango dira ikusgai eztabaida horren fruituak”. Hurrengo urtean erakundeak 25 urte beteko ditu.