ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Industrial de Armaduras Omnia enpresako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak akordioa itxi dute. Ondorioz, irailaren 29tik aurrera deituta zegoen langileen mugagabeko greba bertan behera gelditu zen. ELAko Sakanako arduradun Gorka Viergek jakinarazi duenez, "Omniako langileek Nafarroako metalaren sektoreko hitzarmenaren gainetik urtean 1.200 euroko osagarria lortu dute, ELAk greba mugagabea deitu ondoren. Gainera, beste hobekuntza batzuk ere lortu dituzte". ELAko Sakanako arduradunak jakinarazi duenez, "beti negoziatzen dugu metaleko hitzarmenaren gainetik. Baina aurten enpresa egoskortu egin zen, hartu-emanek ez zuten askorik ematen eta garagarrilean negoziazioak hautsi ziren. Orain, greba deialdia egina zegoenean, enpresak eskaintza ona egin eta langileen gehiengoak onartu zuen".
Viergek gaineratu duenez, "enpresa akordio horrekin Omniako 24 langileek beren aldarrikapenen zati handi bat lortu dute, eta erakutsi dute mobilizazioa eta greba direla akordio onak lortzeko modu bakarra". ELAko kideak balioetsi du "langileen batasunak eta grebak balio dutela jendearen lan baldintzak hobetzeko".