Feriek jendea erakarri dute Etxarri Aranatzera asteburuan, nahiz eta San Migel ospakizunekin bat egin badu ere. Herriko aziendaren erakusketak hartu zuen plazak larunbat arratsaldean. Abere erakusketa anitzak askoren arreta erakarri zuen. Eta aziendaz inguratuta aurkeztu zuten Kalaska kooperatiba Etxarri Aranazko Udalak, ekoizleek eta Sakanako Garapen Agentziak. Auzateak eta salbeak gau giroari eman zioten bide.
Igande goizean, berriz, artisau eta ekoizleen azoka hartu zuen plazak. Mendi lasterketak jendea lasterkariak animatzera aterarazi zuen. Eta, bitartean, Sakanako Gazta Txapelketa jokatu zuen. Lau gazta aurkeztu ziren lehiara. Sari nagusia Arruazuko Albi gaztandegiak eskuratu zuen. Bigarrena Uharte Arakilgo Sustrai gaztandegia izan zen eta hirugarrena, berriz, Altsasuko Larrezabal gaztandegia. Eguerdiari Etxarri Kantuzek jarri zion soinu banda. Pilota jaialdiak eta animazioak osatu zuten arratsaldea. Feriak zezensuzkoaren urteko azken irteerarekin despeditu ziren.