Nafarroa Oinez "hamaika modutara bizitzeko" aukera izanen dela aurreratu dute

Guaixe 2023ko urr. 4a, 13:43

Ikastolaren ordezkariek Nafarroa Oinez aurkeztu dute. UTZITAKOA

Horretarako egitaraua prestatu du Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak. Ibilbideak ia 3 kilometroko luzera eta hiru gune izanen ditu, hirurak Etxarri Aranatzen kokatuta. Egunaz eta paisaiaz gozatzeaz aparte, euskararen aldeko aldarrikapenak egiteko beta eskainiko du Nafarroa Oinezek.

Aurtengo Nafarroa Oinezko egitaraua "ilusio handiz" osatu dutela adierazi du Maider Ansa Jarduera Batzordeko arduradunak. Andra Mari ikastolakoak gaineratu zuenez, "Denondako gozagarri izango diren jarduera andana prestatu dugu; adin guztietako jendearendako espazio eta jarduerak biltzen dituen programa zabala eskaini nahi izan dugu, Nafarroa Oinez bizitzeko milaka modu daudela ondo baitakigu". Egun handia igandea bada ere, jarduerak larunbatean hasiko direnez, asteburu eder bat pasatzeko aukera ema nahi izan dute.  

Nafarroa Oinezen ibilbidea Etxarri Aranatzen kokatuta dago, ia 3 kilometroko luzera du eta hiru gunetan banatuta egongo da: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta. Txikiendako programazioa bereziki zaindu dutela jakinarazi du Ansak: "jolas gune ugari izango dituzte: puzgarriak, jolas libre eta sinbolikorako guneak, aurpegi-margoketarako espazioa, bizikleta zirkuitua… Ibilbide osoan zehar, erraldoiak, ipuin kontalariak eta pailazoak izango dira. Gainera, Utzubar Txiki gunean, ‘Haurren hiria’ eratuko da: birziklatutako osagaiekin egindako txoko honetan, haurrek, libreki, material ezberdinekin esperimentatzeko aukera izango dute".  

Helduendako musika eskaintza zabala izanen dela aurreratu dute. "Gainera, aurtengo Oinezen abestiaren musikagile Joseba Tapia zuzenean ikusi eta entzuteko parada izango da". Gazteek, bestalde, Erronka jarraitu ahal izango dute. "Erronka, euskara eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz, Nafarroako 11 ikastolatako ehundik gora ikaslerendako prestatutako jolas erraldoia da. Erronkalariek, gunez-gune, hainbat kirol ekintza, oztopo, trebetasun-proba… gainditu beharko dituzte". 

Oinez Basoa eta ingurumena 
Aipatutako jarduerez gain, festaren ardatzetako bat ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa izango da. 2009ko Nafarroa Oinezen sortu genuen lehen Oinez Basoa, Arbizun, eta erabat osasuntsu jarraitzen du”, adierazi du Iñigo Orella Andra Mari Ikastolako zuzendariak. Aurten, Andra Mari ikastolak eta Arbizuko Udalak hitzarmena sinatu dute Oinez Basoa indartzeko.  

Aurtengo Oinezen proposamen berri bat diseinatu da, plastikoaren kontsumoa gutxitzeko asmoarekin. Txosnetako barran ura erosteko aukera egongo den arren, ibilbidean eta gune guztietan iturriak jarriko dira. Festa iraunkor bat izan dadin, Andra Mari Ikastolak dei egin du norberak bere edalontzia eramateko. Hala ere, norbaitek edalontzia guneetako batean erosi beharko balu, jakin beza bildutako dirua Oinez Basorako baliatuko dela.  

Garraio jarraibideak 
Etxarri Aranatzera iristeko moduari dagokionez, ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzera animatu du Andra Mari ikastolak. "Trena aukera ona da. Etxarriko tren geltokitik Nafarroa Oinezen ibilbidera 200 metro baino ez daude". Renfek distantzia ertaineko zazpi tren berezi jarriko ditu igandean, guztira 4.880 plaza eskainiko ditu. Iruñetik trenak 10:07an eta 10:29an aterako dira. Castejondik aterako den tren berezia 07:55an jarriko da martxan, eta Cortestik tren bat irtengo da 06:52an. Iruñera bueltatzeko trenak 18:35ean, 19:55ean eta 21:07an abiatuko dira. Azken horren helmuga Castejon izanen da. Gasteiztik Etxarri Aranatzera joateko trenak 09:55ean eta 15:24an abiatuko dira. Bueltakoak, berriz, 15:13an eta 20:41ean izanen dira. 

Autobusez joaten direnendako ere, aparkaleku bereziak egongo dira Zumurdiñeta industrialdean bigarren eta hirugarren guneen artean. Haiek ere, Oinezeko zirkuitutik 200 metrora. 

Nafarroako ikastolaren festara autoz joanen direnendako gauzak errazten saiatu dira Andra Mari ikastolakoak. "Edozein norabidetatik datozela ere ibilgailuendako sarrerak eskainiko ditugu. Aparkalekuak hiru guneetatik gertu jarri ditugu". Horri buruzko informazioa, aplikazioan, webgunean eta sare sozialetan aurki daiteke. Autokarabanek aparkatzeko gune propioa izango dutela aurreratu dute, herriko erdigunetik oso gertu, asteburu osoan egongo diren jarduerekin modu ezin hobean gozatu ahal izateko. “Mugikortasun murriztua duten pertsonek, noski, aparkalekua zirkuituaren alboan izango dute”. 

Euskararen erabilera sustatu eta ofizialtasuna aldarrikatu 
Nafarroa Oinezen festa gozatzeko eguna izateaz aparte, "aldarrikapenak zabaltzeko eguna izango" dela gogoratu du Iñigo Orella ikastolako zuzendariak. "Euskarari bultzada emateko eguna izango da. Baita oinarrizko aldarrikapen bati oihartzuna emateko: euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan zabaldu behar da, euskaldun guztien hizkuntza-eskubideak lurralde osoan errespeta daitezen". 

Orellak gaineratu duenez, "ikastolen izaera publikoa aldarrikatzearekin batera, gure kalitatezko hezkuntza proiektu eraldatzailea plazaratu nahi dugu Oinez festan ere, aniztasunari eta inklusibitateari garrantzi berezia emanez". Zuzendariak gaineratu duenez, "gure helburu nagusietako bat ikasle mota guztiei heziketarik hoberena eskaintzea da, behar mota guztiei erantzunez. Horregatik, igandeko festan eginkizun hori betetzeko dugun baliabide falta agerian utzi nahi dugu". 

Informazioa eta laguntza 
Nafarroa Oinezen egunari buruzko informazioa eskuratzeko www.nafarroaoinez.eus webgunera jo daiteke. Baina, horrez gain, aplikazio berri bat sortu da informazioa eskurago izateko. Festarekin lotutako jakin-beharrekoak jakinarazpen bidez bidaliko dira. https://oinez23.koiote.es helbidean eskuratu ahal da, iOS eta Android gailuetan. 

Beti bezala, ibilbidean osasun puntuak, puntu morea, edoskitze guneak eta informazio puntuak egonen dira. Familiei seme-alaben besaurrean kontakturako telefono bat idaztea gomendatzen zaie. Aurkezpenean batzordeetan aritutakoei eta prestaketan laguntza eman duten guztiei esker ona azaldu diete. Azkenik, festa etorri ezinik eta Nafarroa Oinez lagundu nahi izanez gero, dohaintzak egiteko bide ezberdinak daude:

  • Bizum bidez, Nafarroa Oinez Fundazioa edo 03259 lokalizatzailea erabiliz.
  • Laboral Kutxako ES33 3035 0116 9111 6002 4109 kontu zenbakia erabiliz.
  • Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0093 6347 5831 7525 kontu zenbakia erabiliz.