Jardunek Axio omenduko du

Guaixe 2023ko urr. 5a, 12:47

Jardunek egindako omenaldia. ARTXIBOA

Antolatzaileek adierazi dutenez, "mugimendu iraultzaileak ez du gudarien borroka ahaztuko eta, are gutxiago, honi uko egingo". Ekitaldia urriaren 7an, larunbatean, Etxarri Aranazko plazan

Juan Ignacio Erdozia Larraza, Axio, ETAko kidea hil zela 44 urte beteko dira lastailaren 10ean, asteartean.  Hura omentzeko Jardun Koordinakundeak omenaldia antolatu du urriaren 7an, larunbata, 13:00etan, Etxarri Aranazko plazan. Gogoratu du “espainiar poliziak, Donostian, tiroz erail” zuela. Jarduneko kideek gaineratu dutenez, "Axiok beste hainbat eusko gudarik egin bezala, herri honen askatasun nazional zein sozialaren alde bizia eman zuen. 44 urte ondoren, Euskal Herriak, oraindik ere, espainiar zein frantziar estatuengandik zanpatua eta jazarria jarraitzen du, gaur egun bizi dugun asimilazio egoera geroz eta sakonagoa den bitartean". Azken horren "adibide garbitzat" jo dute "eusko gudarien eta haiek aurrera eramandako borrokaren auziak dira. Izan ere, batzuendako zilegitasuna iraganeko kontua bilakatu da. Estatua bere kontakizunaren inposizioaren gudan sakontzen doa". 

Jardunekoek esan dutenez, "ez dugu ahazten, eta ez gaude ahazteko prest". Ahazten ez dituztenen artean daude: "Euskal Herriko langile klasea azpiratuta mantentzeko, herri honen sufrikarioa hamarkadetan zehar kudeatu duten frankismotik eratorritako instituzioek, egun oraindik bere horretan dirautela. Euskal Herria sistematikoki kolpatu duten horiek oraindik ere Euskal Herriko kaleetan lasai asko dabiltzala, euren jarduera jazarlearekin jarraituz". Horri lotuta, poliziaren "jardueraren motibazio politiko eta ideologikoa" nabarmendu dute. "Euskal Herriaren ukazioa oinarri, espainiar eta frantziar estatuek herri hau asimilatzeko helburuarekin aurrera eramandako estrategiari jarraitzen dion papera jokatzen baitute txakurrek".

Jardun kideen iritziz, "ez da adiskidetzearen sasoia. Euskal Herriak pairatzen duen nazio zein klase zapalkuntza klase gatazkaren isla argia denez gero, langile klaseak jazarria jarraitzen duen bitartean, Euskal Herriko langileon naziotasuna ukatua den bitartean, bidegabekeriari aurre egiteagatik militantzia politikoa jazarria den bitartean, Euskal Herriak pairatzen duen gatazkak bere horretan iraungo baitu".

Horregatik uste dute "jazarpenaren aurrean, injustiziaren aurrean jarkitzea zilegi da beti. Eta zapalkuntzak diraun bitartean, Euskal Herri Langileari ez zaio borroka ez den beste biderik geratuko". Jakitun dira "estatua beti edozein askatasun izpi errotik mozten saiatzen” dela. “Honi aurre eginez herri langilea antolatuta mantentzen den bitartean, gudarien borroka garaipena ekarriko duen konstantea izango da", ziurtatu dute.

Gaineratu dutenez, "Euskal Herriko langileok borrokarako gertu gauden bitartean, nazio eta klase izaera kontzientzia dugun bitartean, gudarien borroka ez da ilunetan eroriko. Inoiz, inon, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa egikaritzeko eguna iristen baldin bada, Euskal Herriaren alde ezeren truke askapenaren ideiari jarraiki dena eman dutenen borrokari esker izango baita". Jardunekoek gaineratu dutenez, "gure aurretik borrokan aritutakoen lekukoa hartu, borrokaren zilegitasunean berretsi eta garaipenera arte Euskal Herriaren historia idazten jarraitzea dagokigu".