Jardun Koordinadorak Juan Ignacio Erdozia Larraza, Axio, omentzeko ekitaldia antolatu du. Donostian Poliziarekin tiroketa bat izan ondoren, bere komandoko kideek eraman eta Erdozia Lizarrustiko portuan hilik agertu zen 1979ko lastailaren 10ean. Jardun Koordinadorak Erdozia omentzeko deialdia egin du, lastailaren 7an, larunbata, 13:00etan, Etxarri Aranazko plazan, eta hura iragartzen duen kartelean omenduaren izen-abizenekin batera, zera irakur daiteke: "44 urte poliziak erail zuenetik. Agur eta ohore eusko gudaria!"
UPNk azaldu duenez, "hildako etakidea eta beste kide batzuk guardia civilen talde bat metrailatzen saiatu ziren atentatu batean, eta erasoari aurre egin zioten". Alderdi erregionalistak Fiskaltzari eskatu dio azter dezala deialdian delitu zantzurik dagoen. Aldi berean, erregionalistek eskatu dute "ordena publikoko indarrek ekitaldia kontrola dezatela, biktimak gutxiesteko, terrorismoa goresteko edo gorrotoko deliturik egon daitekeen jakiteko, baldin eta debekatuta ez badago".
Era berean, erregionalistek indar politiko guztien aho bateko gaitzespena eskatu dute. UPNk nabarmendu duenez, "terrorista izan zen pertsona bat goraipatzen duten gertakari batzuen aurrean ezin da isildu". Eta gaineratu du: "erregresio etiko, moral eta demokratikoa da horrelako omenaldiak gaitzesten ez dituztenekin akordioak ixtea". Azkenik, UPNk Etxarri Aranazko Udalari eskatu dio ez uzteko altzari publikoen gainean ez ETAko kideen argazkirik jartzen, ezta esanahi politikoa duen pankartarik ere, "eta are gutxiago horiek terrorismoaren biktimen memoria iraindu badezakete".
Beste salaketa
Alderdi erregionalistak salatu du joan den astean ezezagunak udaletxeko balkoira igo eta Espainiako banderari su eman ziotela. UPNk sare sozialen bidez zabaldutako mezuan adierazi du, lehenik, "gorrotoa eta errespetu falta bizi diren lekuetan ezinezkoa da elkarbizitza, askatasuna eta demokrazia". Bestetik, "nafar eta espainiar guztiok ordezkatzen gaituzten legeak eta sinboloak errespetatu behar dira". Azkenik, "ahalegin handiena eskatu dugu gertakari horiek argitzeko eta egileak identifikatzeko".