Nafarroako ikastolen festa laugarren aldiz antolatu du Andra Mari ikastolak. Urte eta erdiko lanaren emaitza nagusia ikusteko eguna bertan da.
'Hotsein' leloaren mezua zabaldu da?
Azkenean, lelo baten helburua da ideia bat transmititzea. Nafarroa Oinez berez ezaguna da. Baina berezitasuna da urtero leloa eta logoa aldatu egiten dituela. Hori erronka txiki bada. Lelo motz bat nahi genuen, indarra zeukana, zuzena. Ongi joan da, Sakanan eta kanpoan bere funtzioa bete du. Jendeak 'Hotsein' euskararen eta ikastolaren aldeko dei horrekin lotu du. Anekdota txiki bat: Erriberrin arropa saltzen egon ginen. Handik pasatu zen batek kartela ikusi eta "Ahh, Hotsein". Zangozako ikastolako ama bat zen, eta leloa ikusita berehala gurekin lotu zuen.
Bezperara nola iritsi da Andra Mari ikastolako komunitatea?
Orain halako sentimendu nahasketa daukagu. Batetik, Nafarroa Oinez egun bera bada urte eta erdiko lanaren bukaera eguna. Urte eta erdi egon gara lanean, tartean gauza asko egin dira. Jada nekea sumatzen hasten da. Ikastolako komunitateko ia 200 pertsona aktibatu dira, eta urte eta erdi da lanean ari direla. Lan ikaragarria egin da, hasieran barrura begira eta, behin Tafallan lekukoa hartuta, kanpora begira. Dagoeneko "hots egiten" urte bat daramagu. Baina, aldi berean, ilusioa ere. Azkenean, helburua Nafarroa Oinez eguna bera delako.
Festarako nahikoa boluntario badauzkazue?
Batzarretan modu iraunkorrean 200 pertsona baino gehiago bildu dira. Horiek finkoak dira. Azken hilabete honetan boluntario gehiago behar izan dira, eta laguntza hori izan dugu. Nafarroa Oinez egunean ehunka pertsona behar dira. Deialdia egin da eta, oraingoz, erantzunarekin pozik gaude, bai sakandarrena, bai beste ikastoletakoa. Beti dago laguntza beharra. Laguntzeko interesa duenak www.nafarroaoinez.eus web orrian lagundu nahi? atala eskura du. Han sartu eta galdetegia bete behar da; taldean edo bakarka eman daiteke izena. Mezua pertsonaleko batzordeak jasoko du.
Zertako dira aurtengo irabaziak?
Etxarri Aranatzen bertan dagoen ikastolaren DBHko eraikinera bideratuko dira. XX. mendeko 60. hamarkadako eraikin zaharra da, eta zenbait gabezia dauzka. Irisgarritasunari dagokionez, ez dauka igogailurik. Arrapalarik ez zeukan eta aurreko ikasturte akaberan presaka egin behar izan genuen, ikasle batek beharra zuelako. Bestalde, nagusiki isolamendu kontuak: leihoak; teilatua... Galdarak aldatzeko beharra dauka, egunen batean, bestela, berogailurik gabe gelditu gaitezke. Nafarroa Oinezek ematen duenaren arabera, gehiago edo gutxiago eginen da.
Orain arte aurreikusitako helburuak bete dira?
Maila batean, bai. Leloaren inguruan esandakoaren gauza bera da. 'Hotsein' leloarekin oso lotuta, urte hau hiru mezu nagusi zabaltzeko erabili nahi genuen. Batetik, arnasguneetako ikastolek duten paperaren garrantzia aldarrikatzea. Gurean ere, arnasguneetan, lan handia dagoelako euskararen biziberritzean; arnasguneetan ezin gara erlaxatu, zirikatzaile izatea nahi dugu, behar hori ikusten dugulako. Bestetik, ikastolaren izaera herrikoia eta publikoa aldarrikatzea, autogestioan eta auzolanean oinarrituta, herritik sortutakoak dira. Eta, azkenik, ikastola hezkuntza sistema eraldatzailea izanez sortu zen eta horretan jarraitzen du. Helburu horiek zabaltzen eman dugu urtea. Zehazki, azpimarratuko nituzke gai horiei lotuta udaberrian Lakuntzan egin genituen jardunaldiak. Euskararen aldeko elkarlanerako mezua azpimarratu genuen jardunaldi haietan.
Andra Mariren hurrengo erronka?
Iruditzen zait hurrengo erronka potoloena izanen dela DBHko ikastolako lanak egitea. Aztertu beharko dugu eraikinak dituen behar horietatik, noraino ailegatzen garen, zer den egingarria. Obra horri begira jarriko gara behin Nafarroa Oinez pasatuta. Bestalde, badaude gure ardatzean dauden erronkak, eguneroko lanean daudenak, beti buruan ditugunak: euskararen arlo horretan zirikatzailea izatea. Hezkuntzari lotuta, eraldatzailea. Eta auzolanak. Gure DNAn daude eta haien beharrarekin segituko dugu. Baina Nafarroa Oinez pasata beste modu batera izanen dela iruditzen zait.