"Iritsi da eguna". Marta Igoa Erro etxarriarra Nafarroa Oinez festaren talde iraunkorreko koordinatzailea da; Nafarroako ikastolen festa antolatzeaz eta koordinatzeaz arduratzen da. Igandean urte bat baino gehiagoko lanaren amaiera izanen da, eta Igoak koordinazio gunetik biziko du.
Zer esan nahi du talde iraunkorreko koordinatzailea izateak?
Nafarroako Ikastolen elkarteak koordinazio talde iraunkorra du. Talde horretan bi lagun ari gara. Urtez urte Nafarroa Oinez antolatu behar duen ikastolarekin batera joaten gara. Gure eginkila laguntzea da. Hor sortzen da deitzen dugun Talde Iraunkorra: Nafarroa Oinezi lotuta sortzen diren hamalau batzordeen ordezkariak biltzen dituen taldea. Lehendabiziko lana ikastolara joatea izaten da, batzordeak eratu eta, batzordeak sortu ditugularik, junta iraunkorra sortzea. Junta iraunkorra Nafarroa Oinezen motorra izaten da, eta urtean zehar Nafarroa Oinezekin zerikusia duen guztia hor lantzen da; hor hartzen dira erabaki guztiak. Ni talde horren koordinatzailea naiz; hau da, gutxi gorabehera, nire lana.
Ez da lan erraza.
Ez da erraza. Azkenean, jende asko da. Batzordeetan 150 eta 200 lagun artean biltzen dira eta boluntarioak dira denak, ez da erraza. Erronka polita da, baina ez da erraza.
Nolakoa izaten da Nafarroa Oinez antolatzeko prozesua?
"Bada momentu bat bi Nafarroa Oinez zapaltzen direla; urtarrilean egin genuen heldu den urtean antolatuko duen ikastolarekin"
Bada momentu bat bi Nafarroa Oinez zapaltzen direla. Guk heldu den urtean antolatuko duen ikastolarekin urtarrilean egin genuen lehenengo kontaktua. Ikastolako juntari azaltzen zaio pixka bat zer datorren, kronograma zein den, eta normalean lehendabiziko lana izaten da ikastolak lortu nahi dituen helburuak argi izatea. Ikastolek argi dute zergatik egin nahi duten edo zer helburu duten, baina hori transmititzen jakin behar da ere. Horren inguruko hausnarketa egiten da, eta ondoren batzordeak sortzen dira. Batzordeak oso espezializatutakoak dira, bakoitzak badu lan zehatz bat: komunikazioa, muntaia, grafismoa, materiala, babesletza, ekonomia... Bakoitzak badu bere zeregina. Horren baitan ikastolan profil egokiak identifikatzen dira, familiekin hitz egiten da eta izena ematera eta parte hartzera animatzen ditugu. Behin talde horiek sortzen direlarik, talde bakoitzarekin formazio bat egiten da eta azaltzen zaie sortu behar dugun egitura hori nolakoa den eta lan metodoa, nola lan egin behar dugun urtean zehar: batzordeei zer dagokien, junta iraunkorrak zer egingo duen, koordinazioak zer egin behar duen, prozesuak zeintzuk diren, nola hartzen diren erabakiak, epeak eta abar. Behin hori eginda junta iraunkorra sortzen dugu, batzorde bakoitzetik ordezkari bat izendatuta. Lehendabiziko lana ikastolak finkatu dituen oinarri horiek hartuta leloa eta logoa sortzea da. Komunikazio eta grafismo batzordeak egoten dira, eta lana egina izaten dugu ikasturtea amaitu aurretik. 2024an antolatuko duen ikastolak ekainean bazeukan. Udan arroparekin hasten dira lanean azarorako behar dutelako prest izatea, komunikazioa bere lanekin hasten da... Bestetik, batzorde bakoitzari bere lan plangintza propioa egitea eskatzen zaio: nola egin nahi duten lan, zer helburu markatzen duen bakoitzak... Hori ere iraunkorrera eramaten dugu eta onetsi behar da.
Nola aldatu edo garatu da Nafarroa Oinez?
"Nafarroa Oinez eguna nolabait ikasturte amaierako jai eguna bezala da; horrekin ixten dugu Oinez urtea"
Nik uste urte hauetan gizarteak berak ere garapen potolo bat izan duela, eta ikastolen jaiak ez daude garapen horretatik kanpo. Modu berean bizi dugu. Kontua da Nafarroa Oinez eguna bere garaian egun bakarreko ospakizun bat zela; gaur egun ez. Gaur egun urte betean garatzen den proiektu potolo batean bilakatu da. Hor badira iraunkorrak diren zenbait ekimen eta proiektu. Orduan, urtean zehar ekimen eta jarduera egonkor horiek landu egiten dira: Txikiak Handi ekimena, Oinez Basoa, Artea Oinez... Hor badaude urtero errepikatzen diren ekimenak eta gero badaude gainerako ikasleekin jaiekin batera garatzen ditugun jarduerak, eta ikastola antolatzaileak osatzen duen jarduera programa propioa. Orduan, urtean zehar hori guztia lantzen da eta zeharka zenbait kontu ere. Guk esaten dugu Nafarroa Oinez eguna nolabait ikasturte amaierako jai eguna bezala dela. Horrekin ixten dugu Oinez urtea. Jai giroan eta jatorrian izan zen moduan, aldarrikapen horrekin. Zikloa ixten dugu, eta hurrengoarekin hasten gara.
Ikasturtearen hasieran urteari amaiera ematen diozue. Nolakoak izaten dira festaren aurreko egunak ikastolan?
"Ikastolako lagun pila bat lanean eta izugarrizko giroan ikustea oso polita da"
Kaotikoa da, baina egia esan esperientzia handia dugu eta nahiko bideratuta dago dena. Orain mundu guztia burubelarri ari da; urtean zehar badatorrela ikusten duzu, baina orain badago. Ikasturte hasierak nahiko nahasiak izaten dira edozein ikastetxetan, eta gainera gu saltsa honekin guztiarekin sartzen gara. Altsasuko Nafarroa Oinez antolatu genuenean bertako ibilbide buruak esaten zidan: "Marta, hau potaje handia da. Hitz hori askotan erabiltzen dut ordutik: potajea, potaje bat da. Baina potaje oso polita. Familiak, langileak, ikasleak, familia ohiak, langile ohiak, ikastolako lagun pila bat eta abar lanean eta izugarrizko giroan ikustea oso polita da. Oso hunkigarria eta pozgarria.
Ikastolan ikasten ez diren gauza asko ere ikasiko dituzte, ezta?
Zalantzarik gabe. Gauza asko lantzen ditugu eta oso dispertsoa da. Gauza askori buruz aritzen gara, eta batzordeetan aritzen direnek izugarri ikasten dute: lan taldean nola lan egin, bakoitzari tokatzen zaion zereginaren baitan gauza asko egitea tokatzen zaizkie normalean egiten ez dituztenak, eta Nafarroa Oinezek badarama zenbait ekimen bere gain ikastola antolatzaileak lantzen dituenak: Artea Oinez, Oinez Basoa, Txikiak Handi edo Euskaltzaindiarekin lantzen den jardunaldia. Horregatik, zeharkako bidean gauza asko jorratzen dira. Oso proiektu potoloa da Nafarroa Oinez.
Nafarroa Oinez egunean zer egiten duzu? Disfrutatzeko aukera duzu?
"Dena kontrolatzen eta aurreikusten dugu, baina egunean bertan ez dugu deus ikusten"
Normalean koordinazio gunean egoten naiz. Patxi segurtasun teknikariak eta biok beti gauza bera esaten dugu: dena prestatzen dugu, dena kontrolatzen dugu, guztia aurreikusten dugu, baina gero egunean bertan ez dugu deus ere ikusten. Zorte pixka batekin koordinazio gunetik gertu irekiera ekitaldia baldin badago, zerbait leihotik ikus dezaket. Baina horrek bat egiten du jendearen sarrerarekin eta trafikoa kontrolatu behar da, aparkalekuak, segurtasunekoekin egon... Batzuetan izan dugu bueltaren bat emateko aukera; ez dakit nora joan behar garela eta aitzaki horrekin mugitzen gara. Baina normalean koordinazio gunean egoten gara.
Pena ematen dizu? Zer ikustea gustatuko litzaizuke?
Zalantzarik gabe. Aurten protokoloak bi saio izango ditu: irekiera ekitaldia izango da lehena eta, bigarrena, lekuko aldaketa eta omenaldia. Aurten bereziki pena daukat hori ez dudalako ikusi behar. Lehena ez dakit ikusiko dudan, beharbada leihotik, baina bigarren horretan badakit ezingo naizela egon, eta izugarrizko pena ematen dit.
Zer da koordinatzaile izatetik gehien gustatzen zaizuna?
"Halako giza talde bat ilusioarekin, konpromisoarekin eta gogoarekin ikusten dituzu, eta horrek astebetetzen zaitu"
Gustukoena da urtero lagun bilakatzen diren pertsonak topatzen dituzula, eskualde guztietan. Toki guztietan gaude mota guztietako jendea, eta guztiekin konektatzea ezinezkoa da, baina urtero gertatzen da eskualde batean eta bestean horrelako konexio berezi bat. Jende osooso ona ezagutzen duzu. Horiek zurekin betirako eramaten dituzu. Nik eskualde guztietan lagun handiak ditut, oraindik harremana mantentzen dugula. Niretako hori oso garrantzitsua da. Ikustea ere jartzen dituzula dantzan halako giza talde bat, eta ilusioarekin, konpromisoarekin eta gogoarekin ikusten dituzu. Horrek pila bat asebetetzen zaitu.
Eta zer da zailena?
Kontrakoa; batzuetan topatzen duzu halako jendea agian taldean lan egiteko ohiturarik ez duena edo beharbada ez dituela prozesuak ongi barneratu eta kosta egiten da berarengana iristea. Baina hori auzokideekin ere gertatzen zaizu. Noski, nire lana kontrolatzea da eta kontu honetan badago momentu bat kontrola galtzen duzuna. Zergatik? Badituzulako babesleak, hornitzaileak... Eta momenturen batean haien menpe zaude; ezjakintasun horrek estres handia eragiten dit.
Zer behar du pertsona batek koordinatzaile izateko?
Uste dut pazientzia behar dela. Antolakuntzarako gaitasuna izan behar duzu, azkenean denbora guztia antolatzen egotean datza, eta egokitu behar duzu ikastolak duen baliabideetara eta ingurura. Muntaia batzordeak urtero lan bera dauka, baina urte batean dagoen muntaia batzordea agian datorren urtean ez duzu jende gutxiago dagoelako, gremioa kontrolatzen duen jenderik ez dagoelako eta abar. Egokitu behar duzu, eta egokitzapen horretan zailtasuna izango duzu frustraziorik ez izateko. Jendearekiko enpatia eta lasaitasuna ere izan behar duzu. Iruditzen zait koordinatzailearen lana ere badela jendea zaintzea. Sekulako lana egiten dute batzordeetan, eta horiek lana eta familiak dituzte, eta horien gainetik honetan ari dira. Nire lana ere entzutea bada. Beraz, laburbilduz, lasaitasun, enpatia, gertutasuna eta pazientzia.