Etxarri Aranatzen milaka eta milaka euskaltzale elkartu ziren Nafarroa Oinez 2023 festa ospatzeko. Eguraldi ona lagun, zirkuitua eta hiru guneak (Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta), jendez gainezka egon ziren egun guztian. Jendea erruz hurbildu zen, eta giroa ezin hobea izan zen egun osoan. Goizeko lainoa jaso bezain laster eguzkia beroa nabarmendu zen, eguneko protagonista nagusia. Ibilbidean zehar hainbat iturri eta zenbait tokitan ur tutu malguak eskaini ziren, jendea freskatu eta beroari aurre egin ahal izateko. Itzala ere oso preziatua izan zen.
Egunaren arrakasta nabarmendu zuten antolatzaileek, bai bertaratu den jende kopuru handiagatik, bai eta jaieguna normaltasun osoz igaro delako ere. Nafarroa Oinez 2023ko arduradunek, bestalde, eskerrak eman dizkiete euskara eta ikastolak bultzatzera Etxarri aldera etorri diren pertsona guztiei, bai eta auzolan erraldoi honetan parte hartu duten lagun kontagaitzei. "Denon artean, beste behin ere, Nafarroa Oinez gogoangarria gauzatzea lortu dugu", nabarmendu zuten. Gainera, "ausardia" eskatu diete eragile politikoei, "Nafarroan euskara sustatu, eta zonifikazioarekin amaituko duen hizkuntza politika ausart, integral eta eraginkor bat martxan jar dezaten".
Esanak
2023ko Nafarroa Oinez festa, bozgorailu erraldoi bihurtu da gaur euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko eskaerarendako. "Euskara ofiziala Nafarroa osoan eta euskaraz bizi Euskal Herri osoan" aldarrikapena hasiera ekitaldiko mezuen gako nagusietako bat izan da, eta aurtengo Nafarroa Oinezen bidez, lau haizetara zabaltzen ari da, bezperatik zein gaur goizetik Etxarri Aranatzera hurbildu diren milaka lagunei esker.
"Gure herrialdeko herritar guztiei hizkuntza eskubide guztiak eta, zer esanik ez, euskaraz ikasi ahal izateko eskubidea bermatu behar zaizkie, muga eta zonifikazioen gainetik, bai Lerinen, Lezkairun zein Etxarrin. Euskaldunok merezi badugu euskara Europan ofiziala izatea… nola ez Nafarroa osoan!", nabarmendu zuen Izaskun Errazkin Beltzak Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako lehendakariordeak irekiera ekitaldian. Ipar Euskal Herriko egoera ere gogoan izan zuen Errazkinek, eta, bereziki, Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu zuen.
Elena Zabaleta NIEko lehendakariak ere, Nafarroa osorako euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeaz aparte, berretsi egin zuen ikastolen konpromisoa euskarazko hezkuntzarekin lurralde osoan: "ikastolok Nafarroaren lurralde osoan zabaldurik gaude, eta gure konpromisoari eutsiko diogu, marra gorriak gaindituz: euskaraz hazi eta hezi nahi duten herritar guztiei, eskubide hori bermatuko diegu".
Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak ere zonifikazioa gainditzeko erronka aipatu zuen hasierako ekitaldiko hitzartzean. Indar bereziz zabaltzen ari den aldarrikapena den arren, Nafarroako Parlamentuan "gehiengo nahikorik" ez duela gogoratu zuen. Hala ere, "aldarrikapen demokratikoa eta bidezkoa" dela nabarmendu zuen.
Irekiera ekitaldia
Andra Mari ikastolaren eraikin berrian hasi zen festa, 10:00etan. Hasiera original bezain hunkigarria izan zen: adar baten dei-soinuari erantzunez, irrintzilariak atera ziren ikastolako leihoetara, eta maindireak zabaldu zituzten Hotsein leloarekin. Ondoren, hosto-euria hasi zen, eta ikastolako umeek hosto-ibilbidea eratu zuten ikusleen artean.
Maria Saez de Albeniz Bregañak, Etxarri Aranazko alkateak, eta Errazkinek, Andra Mari ikastolako lehendakariordeak, eskerrak eman zizkieten festara etorrita, Nafarroa Oinezi eta Andra Mari ikastolari euren sostengua helarazi dieten guztiei. Ikastolako haurrek koreografia eder bat egin zuten leloaren ikurrarekin. Segituan, Ollok, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak hartu zuen hitza, esan zuenez, "aukera oro baliatu behar dira euskara sustatzeko. Asko dugu egiteko, baina aitortu behar da egindako lana". Horren haritik, ikastolen mugimenduaren "konpromiso soziala" eta balioak balioetsi zituen. Azkenik, aurkezpen solasaldiei akabera emateko, Nafarroako ikastolen Elkarteko lehendakari den Elena Zabaletak hartu zuen hitza. Ikastolek hainbeste hamarkadatan zehar eginiko lana goraipatu zuen: "ikastolak, guztionak, komunak, erkideak, interes orokorrekoak, agerikoak, gardenak, denontzat erabilgarriak eta irekiak dira. Hots, herriaren zerbitzura daude", adierazi zuen. Bere esker ona helarazi zion Andra Mari Ikastolari, urte osoan zehar, Nafarroako Ikastola guztien festa den Oineza antolatzeko egin duen lanagatik.
Bukatzeko, Errazkinek Andra Mari ikastolak inklusibitatearekin duen konpromisoa nabarmendu zuen: "Ezinbestekoa da gure ikasle guztietara iristea, ezinbestekoa aniztasuna eta inklusioa gure egunerokoak izatea, denengana iritsi behar dugulako gizarte justuago bat lortzeko". Gogoratu zuen Andra Mari izan zela Nafarroan aniztasunari erantzuna euskaraz eman zion lehen ikastetxeetako bat. Hala, agintariei, ikasle guztiengana iritsi eta ikasle guztien beharrak egoki ase ahal izateko baliabideak eskatu zizkien. Irekiera ekitaldiari akabera emateko, Andra Mari Ikastolaren izenean, garapen nahaste orokortuak dituzten Trantsizio Gelako ikasleek, ibilbideari irekiera eman zion zinta moztu zuten.
Asistentzia
Hasiera ekitaldia honako erakundeetako ordezkariak zeuden: NIE, EHI, Nafarroako Gobernua, Nafarroako Parlamentua, Iruñerriko Mankomunitatea, UEMA, Nafarroako Eskola Kontseilua, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Topagunea, AEK, IKA, Errigora, Bertsozaleen Elkartea, eta Euskal Idazleen Elkartea.
Ordezkaritza politikoari dagokienez, presentzia zabala izan zen ere. Nafarroako Gobernuaren izenean, Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria izan zen. Harekin batera, Mikel Irujo Amezaga, Jose Maria Aierdi Fernandez de Barrena eta Begoña Alfaro Garcia kontseilariak eta Jabi Arakama Urtiaga Euskarabideko zuzendaria. Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Iglesias ere bertaratu da, baita talde parlamentario ezberdinetako eta beste erakunde batzuetako ordezkariak ere: hala nola, EH Bilduko Laura Aznal Sagasti, Adolfo Araiz Flamarique, Eneka Maiz Ulaiar eta Bel Pozueta Fernandez, Geroa Baiko Maria Solana Arana, Mikel Asiain Torres eta Uxue Barkos Berruezo, eta UPNetik Iñaki Iriarte Lopez.
Itsasontzi itxurako bizikleta baten gainean zihoan txirrindulari baten gidaritzapean, gonbidatuak ikastolako parkingean elkartu ziren. Ondoren segizioa autokarabanen aparkalekuraino jaitsi zen txalaparta doinuen artean eta hor beste ustekabe atsegin batekin egin zuten topo: dantza ikusgarria egin zuten erraldoien konpartsekin. Eta horrelaxe jarraitu zuen festak, sorpresarik sorpresa. Kultur etxearen beheko alderdira ailegatutakoan, herriko abesbatzak egin zien harrera. Ikuskizunaren ondoren, jarraigoa, kultur etxean sartu ziren.
Omenaldia eta lekuko aldaketa
Merezitako bi omenaldi egin ziren kultur etxean. Lehenik, hainbat urtez Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradun pedagogikoa izan den Ireneri Lopez Goñiri, eta bigarrenik, urte luzeetan, Andra Mari Ikastolako irakasle eta herri kirolen sustatzaile izan den Jexux Senar Aristorenari. Gotzon Perez Artutxek eta Errazkinek, Andra Mari Ikastolako lehendakari eta lehendakariordeak hurrenez hurren, bi omenduek ikastolen eta euskararen alde hainbeste urtez egin duten lan erraldoi eta zintzoa balioetsi zuten.
Bukatzeko, lekuko aldaketa izan zen. Andra Mari Ikastolaren izenean, Errazkin eta Iñigo Orella Alzueta zuzendari pedagogikoa izan dira heldu den urteko Oinez festa antolatuko duen Zangozako Ikastolako ordezkariei lekukoa pasatu zietenak, "Nafarroan euskararen hazia ereiten jarraitzeko". Zangozako Ikastolaren izenean, Carlos Arcelus, lehendakaria eta Nagore Oria zuzendaria oholtzaratu ziren. Nafarroako Ikastolen Elkartearen ordezkariak, Elena Zabaleta lehendakaria eta Josu Reparaz zuzendaria izan ziren. Festa giroan, ezinbesteko argazkiak egin, eta eguerdi aldera, gonbidatuak ikastolako eraikin berrira itzuli dira otamena dastatzera.
Erronka
Antolatzaileek Erronka lehiaketak izan duen arrakasta ere balioetsi dute. Egunean zehar, Nafarroako ikastoletako ikasleek parte hartu zuten lehiaketan. 11 talde neurtu ziren. Eta haiek gunetik gunera probak egitera joaten zirela, atzetik jende ugari izan zuten. Etxepare Lizeoko ikasleen txarangak jarri zion soinu banda Erronkari. Lehen postuan San Fermin ikastola gelditu zen, bigarren Lizarra eta hirugarren eta laugarren Zangoza eta Andra Mari ikastola. Bestalde, Rural Kutxako Joven in video lehiaketan, San Fermin ikastola izan da irabazlea, bigarren Jaso ikastola eta hirugarren aldiz, Lizarra.