Andra Mari ikastolako komunitateak euskararen aldeko festa erraldoia antolatzeko erronkari oso ongi erantzun dio. Askorendako festa gogoangarria izan zen igandekoa. Balorazioen txanda iritsi da ere.
Ajerik utzi dizue Nafarroa Oinezek?
Bai, bai, arrasto oso positiboa utzi du. Sentsazio uholde bat daukagu denok hemen, familiak, langileok... Oso sentsazio positiboa. Nekea ere bai, baina geldi-geldi buelta ematen ari gara. Dena bere onera itzultzen ari da, jasotzen eta garbitzen aritu gara eta, jada, ia-ia bukatuta dago dena. Orain errekuperatzeko badauzkagu egun batzuk, eta eskertuko dugu.
Zer aho zapore uzten du Nafarroa Oinez batek?
Oso zapore ona utzi du. Gainera, hainbat zentzutan. Batetik, igandean milaka euskaltzale elkartu ziren Etxarri Aranatzen, Euskal Herriko punta guztietatik etorrita. Horren babesa sentitzea izugarria izan da. Izugarria izanda ere bai Etxarri Aranaztik, eta Sakanatik orokorrean, jaso dugun laguntza. Igandean mila boluntario egon ziren lanean. Baina, horretaz aparte, jende askok utzi dizkigu larreak, beraien makinaria, beraien baliabideak, dena aurrera atera ahal izateko, oso-oso jarrera onean. Eta, barrura begira, urte eta erdiko auzolan erraldoi honek ere utzi duela oso arrasto polita. Nik uste dut gure komunitatea orain sendoagoa dela, kohesionatuta dagoela. Behintzat ni hitz egiten ari naizen jende guztiarekin oso pozik daude. Barrura begira ere harreman oso politak sortzen dira. Neurri handi batean jarri genituen helburuak hein handi batean bete ditugu.
Balantzea egiteko noiz elkartuko zarete?
Oraindik ez dugu hitz egin. Azken egunetan dena jasotzen eta garbitzen lanpetuta ibili gara. Pentsatzen dute heldu den astean elkartuko garela. Edozein kasutan, balantze ekonomikoak egitea hilabeteak kostatzen da. Oraindik kontu korronteak zabalik daude, udaletatik jasotzen da laguntza, Oinez Basoa azaro bitartean egonen da zabalik. Kontu eta faktura guztiak eta abar, hilabeteak hartzen dute. Jendearen parte hartze aldetik, ez daukagu datu zehatzik, baina badakigu tren guztiak bete zirela, Renfe oso pozik zegoen. Aparkalekuak izugarri bete ziren, 300 autokarabana egon ziren. Etxarri Aranazko eta Arbizuko kanpinak gainezka egon ziren. Geneukan espektatiba sobera bete zen. Eguraldia bikaina izan genuen, bikainegia behar bada. Oso pozik.
15 batzorde. Bakoitzak bere balorazioa eginen du, ezta?
Bai, halaxe da. Lekukoa Zangoza ikastolari pasatu genion; azaroan haiekin topaketa izanen dugu. Batzorde bakoitzak bere urte osoko memoria edo hausnarketa egiten du. Eta beraiekin partekatuko dugu. Beraiendako informazio garrantzitsua dago. Batzuok besteengandik ikasten dugu. Guk izandako akatsetatik, esperientzietatik, zuzenketak egiten dira. Ideia berriak ere sortzen dira: "hau horrela egin dugu, baina berriz egin beharko banu beste modu batean eginen genuke". Horri esker festa garatzen eta hobetzen joaten da.
Puntu ilunik izan da?
Ez da izan puntu ilun aipagarririk, ez. Igandean bertan ez zen egon aparteko arazorik, ohikoak direnez aparte. Momenturen batean beharbada jende pilaketa izan zen punturen batean edo bestean, osasun zerbitzuek artatu behar izan zuten pertsona bat edo beste, baina ez ezer larririk ez. Halako jende pilaketak beti sortzen ditu hainbat arazo, horren barnean sortzen diren intzidentziak egon ziren.
Txalotzeko modukorik izan zen?
Nik badaukat beste Nafarroa Oinez-eko esperientzia, langile bezala beste ikastola batzuetan eta hemen Etxarrin 2009an. Eta nik esango nuke barne giroa, elkarlana izugarria izan dela, ez da egon aparteko gorabeherarik antolakuntzan, eta jendea oso-oso jarrera onean aritu da urte osoan. Dugun giza kapitala oso-oso garrantzitsua izan da eta, gainera, kanpotik hala adierazi digute. Beste festen eta beste urteetako erreferentzia duten pertsonek, ohiko arduradunek eta hala esan digute: “sekulako lan taldea daukazue, egin duzue primeran, makinariak oso ongi funtzionatu du, oso ongi eta oso harro egon behar zarete”. Bestalde, puntu morean aspertu ziren egun osoan zehar. Horrek esan nahi du sexu erasorik ez zela egon.
Orain dela 11 hilabete esan zenuen aurretik zenuena intentsua izanen zela. Hala izan da?
Bai. Orain ohartzen gara. Batzorde batzuk lana bukatu dute, beste batzuek ez, oraindik gelditzen zaie. Baina neurri batean pertsiana pixka bat jaisten hasi gara. Eta, beno, emozio sumendia, tsunamia, izugarria da. Intentsua izan da. Atzera begiratzen duzu, eta, “jo, hau guztia guk egin dugu”. Oso zapore polita. Oso hunkituta gaude, bai.
Nafarroa Oinez-en honen pertsiana azaroan itxiko duzue erabat?
Batzorde batzuk oraindik otsailera arte izanen dute lana, babesletzak eta ekonomiak hilabete batzuk lanean jarraitu behar dute. Ekonomia kontuak ixtea hilabeteak kostatzen da. Askok aste honetan bukatuko dute lana eta memoria prestatzen hasi beharko dira. Baina gauza batzuk gelditzen dira oraindik. Jarritako helburuetako bat ekonomikoa zen, DBHko eraikina zaharberritu beharra baitu. Lortzen dugunean denon eskura egonen da, Sakanan, gure herrietan, zerbitzu hobea emanen duen eraikina izanen da. Oraindik aukera dago babes ekonomikoa emateko.
Zer aholku eman zenieten zangozarrei igandean?
Esan genien lekukoa pasatzeak, lekuko horrek adierazten duena, ordezkatzen duena gauza handia dela. Aholkatu nien leku hori toki publikoan izatea, baina ez bakarrik fisikoki ere, pixka bat horrek dakarren guztia denon artean partekatzeko. Eta aukera aukera ona dela ere kohesionatzeko. Animo handia, zeren beti sortzen dira bidean oztopoak. Eta maitasuna ere bai.
Andra Mari ikastolako komunitateak nola ospatuko du Nafarroa Oinez hori?
Oraindik ez dugu pentsatu. Dena ixten ari gara. Bildutakoak bideratzen, materialaren zati bat Zangozan dago dagoeneko. Baina beste gauza batzuk bidali behar zaizkie. Ez dugu pentsatu. Momentuz, Andra Mari ikastolako gurasoen batzordearen aldetik esker ona adierazi zaio komunitate osoari. Baina, bai, zerbait egin beharko dugu.