Eskolako IkasNOVA gelarendako laguntza

Guaixe 2023ko urr. 24a, 11:17

Etxarri Aranazko San Donato eskola. ARTXIBOA

Hezkuntza Departamentuak udalari eman dio, gela egokitzeko 

Etxarri Aranazko Udalak San Donato ikastetxe publikoan hiru lan egin ditu udan: komuna berritu, zenbait ate aldatu eta IkasNOVA gelan hainbat berrikuntza egin. Azken lan horretarako 21.097,78 euro (BEZ barne) bideratu zituen udalak, 12.673,67 euro berak jarrita eta beste 8.424,11 euroak Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntzarenak. IkasNOVA gela Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuak ere badu. 

Departamentuak azaldu dutenez, "ikaskuntza aktiboko toki bat" dira IkasNOVA gelak. Haietan "ikasteko modu bat baino gehiago izanen dituzte eskura eta elkarrizketaren bidez eta elkarlanean arituz ikasi eta berdintasunezko testuinguru bat partekatuko dute ikasleek". "Eskura izanen dituzten tokiaren eta teknologiaren diseinuak berak lagunduko die bakarka eta taldean ikasitakoaz eta bizi izandakoaz hausnartzen, elkarri eragiten, sortzen, partekatzen eta komunikatzen eta, orobat, funtsezko konpetentziak bulkatzeko aukera emango die, konpetentzia digitalari bereziki erreparatuta", azaldu du Hezkuntza arduradunak.